Tadic eta Nikolic bigarren itzulian lehiatuko dira Serbiako bozetan

Bi hautagaien arteko aldea txikia izan da, eta Dacic sozialistaren jarrera erabakigarria izanen da

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Boris Tadic europeista eta Tomislav Nikolic nazionalista lehiatuko dira Serbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Lehen itzuliko botoen %97 zenbatuta, bi hautagaien arteko aldea hagitz murritza izan da: %25,33 Tadicentzat, eta %24,99 Nikolicentzat. Inkestek aurreikusitakoa baino sostengu murritzagoa izan dute bi faboritoek, eta horrek Ivica Dacic SPS Serbiako Alderdi Sozialistako hautagai eta egungo Barne ministroari mesede egin dio, bozen %16 inguru lortu baitu, aitzineko emaitza ia bikoiztuz. Beraz, gobernua eratzeko erabakigarria izanen da Dacic. Parlamenturako eta udaletako hauteskundeak ere egin dituzte asteburuan.

EB Europako Batasunak interes bereziarekin jarraitu ditu Serbiako bozak, joan den martxotik elkartean sartzeko hautagaia baita. Tadic presidente ohia da aukera horren alde argien mintzatu dena —duela hilabete bat utzi zuen kargua berriz aurkeztu hala izateko—, eta agintetik ere hori bultzatu du. Nikolicek, berriz, nazionalista den arren, eta nazioartean Errusiaren aldeko jarrera eduki duen arren —Serbiaren aliatu historikoa da—, azken aldian jarrera leundu du, eta orain ez dago EBn sartzearen aurka.

Albaniarren salaketa

Nikolicek bigarren itzulirako sostengu eskaera egin die gainerako indarrei, eta iragarri du datozen egunetan gobernu akordioa lortzeko negoziazioak hasiko dituela. Horretan zeresana Dacicek izanen du. SPSko hautagaiak—Slobodan Milosevicek 1990ean sortu zuen alderdia— lehen ministro izan nahi du, eta adierazi du elkarrizketak Tadicen DS Alderdi Demokratikoarekin hasiko dituela, egungo gobernuko bazkidearekin. Presevo Haran Albaniarreko Koalizioko diputatu Riza Halimik salatu du Dacic Barne ministro denetik Serbia hegoaldeko albaniarren aurkako «estatu terrorismoa» hazi dela, eta horren adibidetzat paratu du bozak baino bi egun lehenago egindako polizia operazioa. Bortz albaniar atxilotu zituzten 2001ean gerra krimenak egitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.