Protestak Egipton

Tahrir enparantzak gainezka egin du, eta protestak parlamentura iritsi dira

Egiptoko hedabide ofizialak bestelako irudia ematen saiatzen badira ere, Mubaraken dimisioa eskatzeko protestak ez dira ahuldu. Ehunka mila pertsona bildu dira gaur ere Kairon, eta lan eta gizarte baldintzak hobetzeko eskakizunak ere entzun dira.

2011ko otsailaren 9a
17:40
Entzun
Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen aurkako protestek hiru aste beteko dituzte gaur, eta protesta egileek sendo jarraitzen dute euren eskaerekin. Gaur ere ehunka mila pertsona bildu dira Kairoko Tahrir enparantzan, eta gainezka egin du. Armadak parlamentuaren aurrean atzo bildu zirenak atera behar zituela jakin dutenean, herritarrek parlamenturaino eraman dute protesta.

Bi martxa handi izan dira gaur goizean Kairon, eta bakoitzean Egiptoko bandera erraldoi bana eraman dute. Manifestariek, gainera, leihoetan zeuden bizilagunen babesa jaso dute. Armada parlamentua babesten ari da, eta horrekin batera, baita Osasun Ministerioa eta lehen ministroaren bulegoa ere, ondoan baitaude. Alferrikakoak dira, beraz, hedabide ofizialak azken egunetan protesta ahultzeko egiten ari diren saioak.

Mubarakek agintea uztea eskatzeaz gain, epaitu dezaten ere eskatu dute, azken 30 urteetako errepresioagatik kargu har diezaioten. Oposizioak, gainera, beste garaipen bat lortu du gaur, Mubaraken kontrako oihuei lan eta gizarte baldintza hobeak izateko eskakizuna gehitu baitzaie eta hainbat enpresa eta langileren babesa jaso baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.