IRAKEKO OKUPAZIOA

Talafar eta Faluja bonbardatuz, dozenaka irakiar hil dituzte AEBek

Zibil ugari hil dira erasoetan, nahiz eta okupazio indarrek esan erresistentzia zutela jomuga

Erredakzioa
2004ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Astelehenean Irakeko erresistentziak AEBetako zazpi marine eta Irakeko hiru guardia nazional hil ostean, Pentagonoak matxinoen aurkako bonbardaketari ekin zion, lehenengo Faluja hirian eta atzo baita Talafarren ere. Hala, dozenaka irakiar hil zituzten atzo Irak iparraldeko bi hirietan. Gutxienez 22 lagun hil zituzten Talafarren eta 8 Falujan. Biktimen artean hainbat zibil daude. Bestetik, AEBetako eta Irakeko soldaduak Samarra hirian sartu ziren, lehen aldiz ekainetik, hiria kontrolpean hartzeko asmoz. Samarrako alkate berri Taha al-Hindirak adierazi zuenez, hiriko agintariek, AEBek eta erresistentziak hitzartu zuten okupazio indarrak bertan sartzea ekainaren 1ean Udalak bertatik irteteko eskatu zien okupazio indarrei.

Talafarren goizaldeko 02:00etan hasi zuten erasoaldia AEBek 00:00ak Euskal Herrian. Ospitaleko iturrien arabera, gutxienez 17 lagun hil eta 51 zauritu zituzten. Aldi berean, erresistentziaren eta soldadu irakiarren arteko borrokak hasi ziren bi auzotan. Gorpu ugari geratu ziren kaleetan, anbulantziek eta sendagileek ezin izan baitzuten sartu hirira, bonbardaketa zela eta. Erasoaldiak «segurtasun egoera» ezarri arte iraungo zuela jakinarazi zuten okupazio indarrek. Irailaren 4an eta 5ean, borroka gogorrak izan ziren Talafarren. Hogei bat hildako eta dozenaka zauritu eragin zituzten. Okupazio indarrek argudiatu dutenez, Talafar Siriatik sartzen diren ekintzaileen gordeleku bihurtu da. Turkmenak dira nagusi bertan. Falujan, ustezko ekintzaileen aurka misilak jaurti zituen AEBetako Armadak, hirugarren egunez. Washingtonek adierazi zuen Abu Musab al Zarkaui ekintzaile jordaniarraren jarraitzaileak aterpetzen zituen eraikin bat izan zela bere jomuga. Erasoa egin zutenean, Al Zarkauiren hiru jarraitzaile soilik zeuden eraikinaren barruan, okupazio indarren arabera. Falujako sendagileek iragarri zuten, ordea, gutxienez 8 irakiar hil zituztela; horietatik erdiak umeak ziren eta bi emakumeak. Reuters Telebistak zauritutako hainbat haurren irudiak eman zituen, odoletan, ospitalean zeudela. Lekukoen arabera, gainera, gutxienez hiru etxebizitza suntsitu zituzten AEBek. Al Zarkaui Al Kaedako buruzagitzat jotzen du Washingtonek.Faluja eta Talafarreko erasoaren helburua hiri horiek kontrolpean hartzea zela argudiatu zuten okupazio indarrek: «Terroristek Irakeko segurtasun indarrak kanporatu dituzte azken asteotan eta nazioarteko indarren eta Irakeko segurtasun indarren aurkako eraso ugari egin dituzte; operazioa horren ondorio da».

Hildako kopurua, gorantz

Azken egunetan, okupazio indarren eta erresistentziaren arteko borrokak gogortu egin dira eta hildako soldadu estatubatuarren kopurua 1.000tik gora igo da. Hala, Washingtonek onartu behar izan du Ramadi, Samarra eta Faluja ez dituela kontrolpean.

Bagdaden atzo zabaldutako datu ofizialen arabera, 10.363 irakiar hil dira Iraken okupazio indarren erasoaldia hasi zenetik, iazko martxoaren 20an. Ez dago datu orokor fidagarririk hildakoei dagokienez, baina zenbait estimazioren arabera 10.000tik 30.000 bitartean izan dira hildakoak. Bagdaden jasotako datuak soilik 18 eskualdeetan hartutakoak dira, eta ez dituzte kontuan hartzen Najaf, Kerbala, Faluja, Tikrit eta Ramadiko borroketan hildakoak. KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoko buruzagi Massud Barzanik atzo nabarmendu zuen petrolioan aberatsa den Kirkuk hiria kurduen «bihotza» dela, eta «gerrarako prest» daudela berau defendatzeko. Najafen, Irakeko segurtasun indarrak Moktada al Sadr buruzagi xiitaren bulegoan sartu ziren, armen bila. Halakorik ez zuten aurkitu, ordea.

-

BAHIKETAK



 

Italiako Atzerri idazkariordea, Ekialde Hurbilera bidean





Italiako Atzerri idazkariorde Margherita Boniver Ekialde Hurbilera joan zen atzo, Iraken bahituta dituzten bi emakume italiarrak askatzen ahalegintzeko. Simona Pari eta Simona Torretta italiarrak Zubi Bat Bagdadentzat gobernuz kanpoko erakundeko kideak dira, eta asteartean bahitu egin zituzten.

Boniverren helburua da hainbat herrialde arabiarretako agintariekin biltzea, bahituak askatzearen aldeko sostengua lortzeko, Frantziako Atzerri ministroak egin zuen bezala. Boniverrek ere Egipton egingo du lehen hitzordua. Atzo, Dohako (Qatar)buruzagi sunita Jussef al-Kardauik bi italiarrak eta bi frantsesak askatzeko eskatu zuen, atzerritarrak bahitzea lege islamikoaren aurkakoa dela nabarmenduz. Gaur, Italiako Gobernuko zein oposizioko alderdien, sindikatuen eta ikasle elkarteen sostenguarekin, Erroman milaka herritar bilduko direla espero da, bahituen aldeko manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.