"Oglaigh na hEireann-en buruzagitzak jakinarazten du berehala bertan behera utzi dituela Britainiako estatuaren aurkako ekintza armatu guztiak", adierazi du The Irish News egunkarira bidalitako ohar batean. Erabakia eztabaida prozesu baten ondoren hartu duela erran du, eta "helburu politikoak lortu arte" jardunean jarraitzeko asmoa du. Halaber, ukatu egin du Erresuma Batuko Gobernuarekin elkarrizketarik edo negoziaziorik izan duela.
Oglaigh na hEireann-ek Irlandako soldaduak edo Irlandako boluntarioak erran nahi du, eta ehun urtean baino gehiagoan Erresuma Batuaren aurka borrokatu diren errepublikanoek maiz erabili duten izendapena izan da. 1998ko bake akordioekin ados ez zegoen disidente talde batek 2009an taldearen izen propiotzat hartu zuen, eta kanpaina armatuari ekin zion. PSNI Ipar Irlandako Poliziaren aurka egin ditu eraso anitz, eta ez zaio hilketarik egotzi. Bere gain hartutako azkenekotako erasoa iazko martxoan egin zuen —lehergailu bat zartarazi zuen Derryn—.
IRA Berria izenez ezagun dena da talde armatu errepublikano handiena gaur egun. 2012an sortu zuten, Benetako IRAk, RAAD Drogen Aurkako Ekintza Taldeak eta bertze hainbat disidentek bat egin ondoren.