Atzo Brasilgo 80 hiritan milioi bat lagun baino gehiago bildu ondoren, MPL Baimen Librea Mugimenduak behin-behinean manifestazio gehiagotara ez deitzea erabaki du. Ez behintzat Sao Paulon. Izan ere, garraiobideen garestitzea eta politikarien ustelkeria salatu eta zerbitzu hobeak eskatzeko mobilizazioetan "beste interes batzuk" dituzten taldeak esku hartzen hasi direla iritzi diote.
Abortatzea zigortu eta epaituak izateko adina jaistea defendatzen duten "talde kontserbadoreak" mobilizazioen hasierako aldarrikapenak nahasten ari direla uste dute MPLko kideek, eta egoera aztertu bitartean manifestaziorik gehiago ez antolatzea erabaki dute. Atzoko manifestazioetan, ezkerreko militante batzuekin ere izan ziren istiluak, beren alderdiko ikurrekin joan nahi baitzuten, eta orain arte Brasilgo bandera izan da erabili den bakarra.
Bestalde, dagoeneko bi lagun hil dira istiluetan. 18 urteko mutil bat hil da bart goizaldean Brasilen, Sao Paulon egiten ari ziren manifestazio batean auto batek harrapatuta. Berri agentzien arabera, manifestazio amaieran hamabi pertsona jo ditu ibilgailu batek, eta hil egin da gaztea. Gainerakoak zaurituta daude, batzuk larri. Eta Belemen 54 urteko emakumezko kale garbitzaile bat hil dela ere jakinarazi zuten atzo, Poliziak jaurtitako gas negar eragilea arnasteagatik.
Ezohiko bilera batera deitu du gobernua Brasilgo presidente Dilma Rousseffek, herrialdeko hainbat lurraldetan izaten ari diren protestek sortutako egoera aztertzeko. 09:30ean egingo dute bilkura, Euskal Herrian 14:30 direnean. Mobilizazio horien harira, hainbat pertsona Kongresura eta Kanpo Ministeriora sartu dira.
Kalean, protestan jarraitu dute ehunka mila lagunek. Gutxienez, 80 hiritan batu dira, hasiera batean garraio publikoen prezioa igo ez dezatela eskatzeko. Garraioa ez dute garestituko, baina protestak oinarrizko gizarte gaietara hedatu dira.