Dozena bat talde palestinarrek, Hamas eta Al Fata tartean, batasun nazionaleko behin-behineko gobernua osatuko dute martxoan, gaur Egipton hitzartu dutenez. Hamasen eta Al Fataren arteko tirabirak leuntzea, bien preso politikoak askatzea, eta urtebete baino lehenago hauteskundeak antolatzea hitzartu dute taldeetako 30 bat ordezkarik. Goizean, Al Fatak eta Hamasek, beren polizien kontrolpeko espetxeetan dituzten preso politikoak askatzeko akordioa lortu dute Kairon. Gazan Hamasen esku dauden Al Fatako dozenaka buruzagi eta kide askatzearen truke utziko dituzte libre Zisjordanian Al Fataren esku dauden Hamaseko 400 bat buruzagi eta kide. Azken horietako 80 aske utzi dituzte aste honetan.
Erresistentziako beste talde batzuk (gehientsuenak, 10 bat) batu zaizkie Al Fatari eta Hamasi, adiskidetze nazionala berriz lortzeko negoziazioetan. Batasun nazionaleko gobernua atontzeaz gain, PAE Palestina Askatzeko Erakundea (1964an sortua) erreformatzeaz ariko dira egunotan. Hamas, Jihad Islamikoa eta talde txiki batzuk ez dira inoiz PAEko kide izan. Gainera, hurrengo hauteskundeak nola eta noiz antolatu eta Gaza eta Zisjordaniako polizia indarren kontrola nola kudeatu zehaztu beharko dute.
Hamas, Al Fata, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea, FDLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa, PPP Palestinako Herriaren Alderdia, PPSF Palestinako Herri Borrokaren Frontea, PLF Palestina Askatzeko Frontea, ALF Askapen Fronte Arabiarra, PAF Palestinako Ekintzaren Frontea, Jihad Islamikoa, Fida Fronte Demokratikoa eta As-Saika ari dira elkarrizketetan parte hartzen.
PAN Palestinako Aginte Nazionala bi zati eginda dago 2007tik. Hamasek irabazi zituen Palestinako Kontseilu Legegilerako (Legebiltzarra) 2006ko urtarrilean, gehiengo absolutua lortuta eta Al Fatari nagusitasuna kenduta. Alabaina, Israelek, AEBek eta Europako Batasunak Hamasen gobernuaren kontrako blokeoa hasi zuten, eta Al Fata ere haren kontra hasi zen. Bi talde hauen artean hamaika liskar eta borroka odoltsu izan ziren harrezkeroztik, eta 2007an batasun nazionaleko gobernua osatu zuten arren, gutxira berriz bertan behera geratu zen, liskar gehiago zirela eta. Gainera, "CIAren laguntza zuten Al Fatako elementu batzuek Gazan estatu kolpea prestatzen" ari zirela argudiatuta (Al Fatako buruzagi Mohamed Dahlan seinalatu zuten konplotaren gidari), PANeko Poliziak Gaza eskualdean dituen polizia etxe eta bestelako eraikin batzuen kontrola indarrez hartu zuen Hamasek 2007ko ekainean. Gutxira, PANeko presidente Mahmud Abbas (Al Fatakoa) PANeko Gobernua desegintzat jo zuen (Legebiltzarraren beharrezko oniritzirik gabe), eta bere kontrolpeko kabinetea osatu zuen Zisjordanian. Gainera, Hamas legez kanpokotzat jo zuen han, eta ehunka kide atxilotzen hasi zen.
Orain, negoziazioak aurrera eramateko bost batzorde osatuko dituzte, eta Liga Arabiarrak ordezkariak bidaliko ditu haiek behatzeko. Martxoaren 8an hasiko dira PAEko erreforma aztertzeko elkarrizketak.
Azken akordioetara iristean gainerako ordezkariekin bat egingo dute Kairon PANeko presidente Mahmud Abbasek (iragan urtarriletik jardunean, lau urteko agintaldia iraungita) eta Hamasen politburoko arduradun Khaled Meshaalek.
Elkarren presoak, kalera
Hainbat adiskidetze saioren ondoren, nork bere esku dituen preso politikoak aske utziko dituztela iragarri zuten atzo Kairon Hamaseko buru Mahmud al Zahar (PANeko Atzerri ministro ohia) eta Al Fatako buru Azzam al Ahmadek. Biak beren mugimenduetako Gazako buruzagiak dira.
Hala, Al Fatak eta Hamasek, beren polizien kontrolpeko espetxeetan dituzten preso politikoak askatzeko akordioa lortu dute. Gazan Hamasen esku dauden Al Fatako dozenaka buruzagi eta kide askatzearen truke utziko dituzte libre Zisjordanian Al Fataren esku dauden Hamaseko 400 bat buruzagi eta kide. Azken horietako 80 aske utzi dituzte aste honetan.
15 urteko mutil bat hil da Zisjordanian, Israelen munizioak eztanda eginda
Bien bitartean, gaur arratsaldean 15 urteko mutil palestinar bat, Jamal Abed an Naser al Fukaha, hil da Zisjordaniako Tubas herrian, Israelgo armadak eremu batean utzitako munizioak eztanda eginda. Haren bi lagun zauritu ditu eztandak.
Horrez gain, Israelgo armadak Rafa hiri ondoa bonbardatu du gaur ere, Gazan. Palestinaren eta Egiptoren arteko mugalde horretan armak kontrabandoz sartzeko tunelak bonbardatu dituela adierazi dute Israelgo iturri militarrek.
Palestinako gatazka
Talde palestinarrek batasun nazionaleko gobernua osatuko dute martxoan
Egipton hitzartu dute akordioa, Hamasek, Al Fatak eta erresistentziako beste 11 taldek, batasun nazionala berriz lortzeko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundea erreformatzeko hasitako elkarrizketen harira. Hauteskundeak urtebete baino lehen egingo dituztela erabaki dute. Gainera, Al Fataren polizien esku dauden Hamaseko 400 bat kide askatuko dituzte, baita Hamasen poliziaren eskuetan dauden Al Fatako dozenaka kide ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu