«Gure mujahidinen aurkako erasoak eta tratu txarrak egiten jarraitzen duten bitartean, guk Poliziari eraso egiten jarraituko dugu. Nahi dugun tokian gure helburuak betetzeko abilezia daukagu», mehatxu egin du Ahsanullah Ehsan talibanen bozeramaileak, bederatzi poliziaren hilketa bere gain hartu eta gero. Pakistan ekialdean den Lahore hiriko polizia etxe baten aurkako tiroketan hil dituzte agenteak. Matxinoek jakinarazi dute preso dituzten talibanen torturengatik egin dutela erasoa.
«Gerra zirudien; tiro hotsak nonahi entzun zitezkeen», adierazi du erasotik onik atera den polizia batek, Muhammad Ameer-ek. Erasotzaileek ihes egitea lortu dutela jakinarazi dute polizia iturriek. Raja Pervez Ashraf lehen ministroak erasoa gaitzetsi du, eta adierazi du horrelako erasoek «terrorismoaren eta muturreko ekintzaileen» aurkako borrokan indartu behar dituela bai gobernua, bai herritarrak.
Talibanek erasoen jomuga bilakatu dituzte segurtasun indarrak, eta horien aurkako atentatuak gogortu dituzte azkenaldian. Astelehenean bertan, zazpi soldadu eta polizia bat hil zituzten armadaren base baten aurkako erasoan.
Afganistango muga
Armadaren eta talibanen arteko borroketan, 11 matxino hil dira herrialdearen ipar-mendebaldean. Lekukoek jakinarazi dute talibanek, Afganistango muga gurutzatu, eta Katkot herriari eraso egin diotela. Armadaren erantzunaren ondoren, talibanek atzera egin dute. Adituek diotegertakariak Islamabaden eta Kabulen arteko tentsioa areagotu dezakeela.
Bestalde, iragan astean bahitu zituzten zazpi meatzarien gorpuak aurkitu dituzte Balutxistango hiriburuan, Quettan.Poliziak jakinarazi duenez, ziurrenik herenegun hil zituzten meatzariak, eta azaldu dute gorpuek indarkeria zantzuak zituztela. Ashrafek adierazi du ekintza «basatia eta koldarra» izan dela.
Talibanek bederatzi polizia hil dituzte Lahoren
Bahitutako zazpi meatzarien gorpuak aurkitu dituzte; 11 matxino hil dira armadarekin borrokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu