Afganistan

Talibanek esan dute herrialde osoaren kontrola hartu dutela

Iparraldeko Panjxir eskualdean boterea hartzea falta zitzaien. Erresistentziako Fronte Nazionalak ukatu egin du eskualdearen kontrola galdu izana.

Kabulgo aireportua, atzo, Afganistan barneko hegaldiak berriz hasi ondoren. STRINGER / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko irailaren 6a
07:52
Entzun

Afganistanek 34 eskualde ditu, eta horietako bakarra zegoen talibanen aurkarien eskuetan orain arte. Talibanek gaur adierazi dutenez, iparraldeko Panjxir eskualdearen kontrola ere hartu berri dute.

«Etsai mertzenarioaren azken gotorlekua hartu dugu, Panjxir eskualdea», adierazi du Zabihullah Mujahid talibanen eledunak. Gaineratu duenez, hainbat egunetako borroka gogorren ostean, aurkariak «amore eman edo ihes egin» du.

Abuztuaren 15ean Kabul hiriburua hartu zuten talibanek, bi asteko epean herrialdeko 33 eskualde menpean hartzea lortu ostean.

«Azken ahalegin eta garaipen honekin, herrialde osoa gerratik kanpo egongo da, eta bizimodu baketsu eta oparoa edukiko du, askatasun giro batean», adierazi du Mujahidek.

Erresistentziako Fronte Nazionalak egin die aurre talibanei Panjxir eskualdean. Hango gerrillariek eta agintea galdu duen Afganistango Gobernuaren soldaduek osatzen zuten, eta Amrullah Saleh presidenteorde ohiaren agindupean ari ziren. Agintea hartu zuen Salek, Ashraf Ghani presidenteak herrialdetik ihes egin ostean. Alde egin zuen, era berean, Ahmad Massoudek, Panjxirreko Lehoia deituriko Ahmad Shah Massouden semeak. Ezizen hori irabazi zuen sobietarrei eta gero talibanei aurre egin zielako.

Edonola ere, Erresistentziako Fronte Nazionalak ukatu egin du talibanek eskualdea kontrolpean hartu izana. «Ez da egia, Talibanek ez dute Panjxir menpean hartu», esan du Ali Maisam taldeko eledunak. Edonola ere, Talibanak eskualdeko Gobernadorearen egoitzaren aurrean agertzen dituzten argazkiak zabaldu dituzte sare sozialetan.

Panjxirren 150.000 and 200.000 pertsona inguru bizi dira. Eskualde menditsua da.

Erresistentziako Fronte Nazionalak aitortu zuen atzo bere buruzagietako bi hil zituztela borroketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.