Afganistan

Talibanek eten egin dituzte presoak askatzeari buruzko negoziazioak

Bake elkarrizketak hasteko, ezinbesteko pausoa da bi aldeak ados jartzea 5.000 preso askatzearen inguruan. Afganistango Gobernuak dio integrista sunitena dela porrotaren errua.

AEBen eta talibanen ordezkaritzetako kideak, iragan otsailean, ituna sinatzeko ekitaldian. EFE
ander perez zala
2020ko apirilaren 7a
09:47
Entzun

Afganistango bake negoziazioak ez dira hasi ere egin. Talibanak eta gobernua 5.000 preso askatzearen inguruan ados jartzea da hori gertatzeko lehen pausoa, integrista sunitek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) iragan otsail amaieran sinaturiko akordioaren arabera, baina orain arteko saiakerek ez dute fruiturik eman, eta, testuinguru horretan, talibanek erabaki dute negoziazioak etetea, Suhail Xaheen bozeramaileak jakinarazi duenez. 

Integrista suniten ordezkaritza martxoaren 31tik zegoen Kabul hiriburuan, historikotzat jo diren elkarrizketetan parte hartzeko. Elkarrizketek, ordea, ez dute  astebete ere iraun: «Tamalez, askatzea atzeratu egin da aitzakia batengatik edo besteagatik. Hortaz, gure talde teknikoak ez du alferrikako bileretan parte hartuko», argudiatu du Xaheenek.

Talibanek eta AEBek adosturiko akordioaren arabera, presoek iragan martxoaren 10erako behar zuten kalean, baina gobernuak uko egin zion horri, aurretik integrista sunitekin prozesu bat abiatu nahi zuela argudiatuta. Gerora amore eman zuen arren, badirudi ezin izan dituela onartu talibanen eskariak. Itun horren arabera, trukean integrista sunitek askatu egin beharko lituzkete Afganistango segurtasun indarretako kideak; hasteko, hogei bat.

Egunotako elkarrizketez, gobernuak erantzun du prest zeudela 4.000 preso askatzeko, baina kartzelatik zein atera negoziatzerakoan, integrista sunitek lehenetsi egin dute goi kargudunen askapena. «Talibanek presio egin dute, eta hamabost komandanteren askapenean jarri dute arreta.

Horiek askatzeak arazo handiak sortuko lituzke. Eraso handietan parte hartu dute, beren eskuak gure nazioaren odolaz beteta daude», azaldu du Matin Bek gobernuaren ordezkaritzako kideak.

Ia bi hamarkada dira Afganistango gerra hasi zela. Washingtonen eta talibanen arteko akordioa mugarri izan zen, eta aurreikusi zuen AEBen tropak herrialdetik aterako direla hamalau hilabeteko epean. Horrekin bat eginez, NATOk jakinarazi zuen presentzia militarra murriztuko zuela, eta 4.000 soldadu irtengo zirela Afganistandik abuztua baino lehen. Egunotako aurrerapausorik ezak, ordea, kolokan jarri du ituna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.