Talibanek hamalau lagun hil dituzte Afganistanen NATOri eraso eginda

ISAFek bere kiderik ez dela kaltetu adierazi badu ere, talibanek «hainbat soldadu» hil eta zauritu dituztela jakinarazi duteSegurtasun indarren buruzagitzako kargu aldaketen garaian etorri da erasoa

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Lau polizia eta zortzi zibil hil dituzte Afganistan ipar-ekialdeko Wardak probintzian, NATOko base militar baten aurka egindako eraso suizida bikoitzean. Wardakeko Osasun zuzendari Ghulam Farouq Mukhlisek adierazi du 78 herritar inguru zauritu dituztela erasoetan, eta horietatik 43 Kabuleko erietxean artatu behar izan dituztela «egoera larrian» zeudelako. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarretako bozeramaileak, ISAFeko kiderik ez dela kaltetu adierazi badu ere, talibanek berehala hartu dute beren gain erasoa eta Zabiualah Muyahidek jakinarazi du AEBetako tropetako «hainbat soldadu» hil eta zauritu dituztela. Ondoren, Washingtonek zehaztu du AEBetako bi soldadu erietxean hil direla, larri zaurituta hara eraman ostean.

Lehen eztanda Wardakeko Saidabad barrutian izan da, eta bertako poliziek jakinarazi dute bonba leherrarazi duen erasotzaile suizida oinez gerturatu dela Saidabadeko Gobernuaren egoitzako ate parera. Bigarren eztanda, aldiz, lehergailuz betetako kamioi bat eztandarazita egin duteNATOko base militarraren kanpoaldeko errepidean, eta iturri ofizialen arabera, inguruko etxebizitzak eta dendak «erabat suntsituta» utzi ditu eztandak. Wardakeko Gobernuko bozeramaile Xahiddullah Sahidek azaldu du «lehen erasoak bigarrenari bidea» ireki diola, eta kamioiaren eztanda «sekulakoa» izan dela. Horrez gain, Sahidek adierazi du zaurituen egoera «larria» dela, eta posible dela hildako lagunen kopuruak gora egitea ere.

Afganistango eta Mendebaldeko tropek eremua inguratu dute pasatzen ziren autoak miatzeko, eta ISAFeko buru Messer Hagenek azaldu du ikerketa abiarazi dutela. Hasiera batean ISAFeko kiderik ez dela kaltetu jakinarazi badute ere, Hagenek onartu du galerak izan dituztela, baina ez du azaldu kaltetutako soldaduak zenbat eta nongoak izan diren.

Indarkeriaren gorakadak eraginda, Afganistango segurtasun indarren buruzagitzan kargu aldaketak izan dira azken aldian, eta errelebo horrekin batera egokitu da Wardakeko erasoa. Izan ere, Hamid Karzai Afganistango presidenteak aste honetan kendu du kargutik Rahmatula Nabil zerbitzu sekretuetako burua, Talibanen buru Mohamed Omar Mullahen deiari erantzunez, gora egin duelako Polizian infiltratutako talibanen kopuruak. Hain justu, NATOren Afganistango komandante John Allenek joan den astean adierazi zuen, ISAFeko tropen eta Afganistango militarren aurkako erasoen laurdena infiltrazio horien ondorioz gertatu dela.

Soldaduen erretiroa ilunduta

Horrez gain, hilabete hasieran konfiantza kendu zien parlamentuak Abdul Rahim Wardak Defentsa ministroari eta Bismula Mohamadi Barne ministroari. Parlamentuko kideek gogor kritikatu zituzten bi ministroak Pakistango mugako erasoak areagotu direlako, eta biak kargutik kendu zituen Karzaik. Aldaketak egin ostean izendatutako goi-karguek, baina, betebehar esanguratsua dute egungo erasoek eragindako egoera baretzetik haratago. Izan ere, iaz ekin zioten nazioarteko tropek Afganistandik irteteari eta 2014an denak erretiratzen direnerako, segurtasunaren kudeaketa euren gain hartzeko prest egon behar dute herrialdeko indarrek. Baina militarren eta talibanen arteko gatazkak, eta azken aldian indarkeria areagotu izanak, burujabetza militarrerako aukera zaildu egiten die.

Atzerriko tropek erretiratze prozesuari ekin ziotenetik, 202 base militar itxi dituzte Afganistanen, eta beste 282 bertako soldaduen esku geratu dira. Zeelanda Berriak, berriz, bere soldaduak aurreikusitakoa baino hamabi hilabete lehenago aterako ditu, John Key herrialdeko lehen ministroak oraintsu jakinarazi du datorren urte hasieran joango direla Afganistandik. Bestetik, NATOko milaka aholkulari Afganistanen daude 2014. urte amaierarako iragarrita dagoen tropen erretiratzea «bizkortzeko». ISAFek hemendik bi urtera emango dizkie eskumenak Afganistango armadari eta Poliziari, baina Afganistango armadak 195.000 mila soldadu ditu, eta Kabulek eta NATOk adostutako bide orriaren arabera, kopuru horrek, poliziak gehituta, 352.000ra iritsi behar du urria baino lehen. Eta hain justu, hilabete horretan AEBetako 30.000 soldadu erretiratuko dira Afganistandik eta 68.000 inguru geratuko dira bertan, 2009. urte hasieran zegoen kopuru bertsua, alegia.

Urtebete eskasean bi eraso

Saidabadeko barrutia ez da eremu egonkorra, Wardakeko postu militarra iazko irailean ere eraso egin baitzioten talibanek. Lehergailuz betetako auto batek basearen aurka talka egin zuen orduan eta bost zibil hil zituzten, AEBetako 77 soldadu zauritzeaz gain. Aurtengo lehen seihilekoko datuei erreparatuta, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du 1.145 zibil hil eta ia 2.000 zauritu direla Afganistanen, talibanen eta militarren arteko istiluetan. NBEk Afganistango Gobernuaren aurkako taldeei leporatu die erasoen %80ren erantzukizuna. ISAFek emandako datuen arabera, berriz, aurtengo erasoetan atzerriko 45 soldadu inguru hil dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.