Afganistan

Talibanek kolokan jarri dute nazioarteko laguntza, emakumeei NBErentzat lan egitea debekatuta

Joan den astetik etxean daude Nazio Batuen Erakundearentzat lan egiten duten 600 emakumezko afganiarrak. Erakundeak aitortu du ezin duela bermatu bere langileen segurtasuna. Beren erabakiak «errespetatzeko» eskatu dute talibanek.

Emakumezko talde bat ikatza eta janaria jaso zain, urtarrilean, Kabulen. STR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 12a
15:52
Entzun

Talibanek emakumeei mugitzeko askatasuna mugatzen diete oraindik ere Afganistanen. Etxetik kanpoko lanak heldu ziren lehenik, unibertsitatea eta bigarren hezkuntza gero, eta NBE Nazio Batuen Erakundea orain. Joan den astean eman zuen Emirerri Islamikoak bere erabakiaren berri: emakume afganiarrek ezin izango dute aurrerantzean NBErentzat lanik egin. Ordutik, etxean daude nazioarteko erakundearentzat lanean ari ziren 600 emakumezkoak —badaezpadako neurri gisara, baita 2.700 gizonezko afganiarrak ere—; izan ere, idazkari nagusiaren eledun Stephane Dujarricek aitortu du ezin dutela bermatu langileen segurtasuna.

NBEk Afganistanen dituen langileei ordaintzen jarraitzen du, bulegoak berak jakinarazi duenez, baina langileak, oraingoz, ezin dira kalera irten. «Ordaintzen jarraitzeko asmoa dugu, baina ezin dute bulegoetara joan, batez ere emakumeek, jakin badakigulako beren bizia arriskuan jartzea litzatekeela hori», esan du Dujarricek. Hala ere, NBEk zehaztu du bulegoek giza laguntza banatzen jarraituko dutela, baita gobernuz kanpoko nazioarteko beste erakundeen lanak gainbegiratzen ere. Dena den, Afganistango misioko arduradun Roza Otunbaievak «hausnarketa epe bat» zabaldu du maiatzaren 5era arte, aukera guztiak aztertzeko.

Joan den abenduan debekatu zieten emakumeei GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egitea, bai bertakoetan, baita atzerrikoetan ere. Debeku horretatik kanpo geratu ziren, ordea, osasun arloan lan egiten zuten emakumeak eta NBE bera. Hala, soilik alor jakinetan lan egin dezakete egun; besteak beste, emagin gisara edo etxeak garbitzen, betiere familiakoak ez diren gizonezkoekin harremanik ez badute. Joan den asteazkenetik, debekua are zabalagoa da. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek eskatu du bertan behera uzteko, baina talibanek ez dute halako asmorik. Are, nazioarteari eskatu diote «errespeta» dezala erabakia, eta argudiatuz ez dela beren asmoa «inoren lana oztopatzea».

Nazioarteko legediaren aurkakoa da emakumeei ezarritako debekua, eta hala salatu du NBEk berak: «Gure borondatearen aurkako aukeraketa bat egitera behartu nahi gaituzte. Argi geratu behar du krisi honen ondorioak agintean daudenen erantzukizuna direla». Erakundeko giza laguntzaren kudeaketaren arduradun Ramiz Alakbarovek ere kritikatu egin du erabakia, eta ohartarazi du «inork» ezin diola agindu NBEri nor kontratatu behar duen bere misioetan. Debekuak, gainera, zuzenean eragingo die Afganistanek jasotzen dituen diru laguntzei, eta horien beharra du herrialdeak, krisi ekonomiko eta humanitario betean baita 2021ean talibanek agintea hartu zutenetik.

Krisi humanitarioa

Hainbat urtez gerran egon da Afganistan, eta ondoren okupaziopean, 2021eko udan AEBetako indarrak erretiratu eta herrialde talibanen esku geratu zen arte. Baina, herritarrentzat, egoerak okerrera egin du; izan ere, askok galdu egin dute lana —asko ziren nazioarteko indarrentzat lan egiten zutenak—, eta emakumeek ia erabat itxia dute lan mundurako sarbidea. Ondorioz, giza laguntzaren beharrean daudenetatik bi heren emakume eta adingabeak dira. Orain arte, GKEentzat lan egiten zuten emakume afganiarrak izan dira haiengana heltzeko bide bakarra.

MEP Munduko Elikadura Programaren datuen arabera, hogei milioi afganiarrek ez dute nahikoa baliabiderik egunean hiru otordu egiteko, eta sei milioi gosetea jasateko zorian daude. Erakundeak zabaldu duenez, Kabul hiriburuan bertan badira eremuak oraindik giza laguntzarik jaso ez dutenak. Horiek hala, erakundeak 728 milioi euroko laguntza eskatu dio nazioarteri, herrialdean elikagaiak banatzen jarraitu ahal izateko. Oharra ere egi du: gosete arriskua azken mende laurdeneko handiena da. Wahid Amani bozeramaileak nabarmendu du datozen sei hilabeteetan laguntza banatzeko behar duten aurrekontua soilik dela hori.

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu duenez, emakumeak bakartuta eta preso sentitzen dira —ezin dituzte 75 kilometro baino gehiago egin senide gizonezko baten laguntzarik gabe—, eta ezin dute beharrezko laguntza jaso, esaterako, indarkeria matxistako kasuetan. «Gizateriaren aurkako krimena da emakumeei eta neskei beren oinarrizko eskubideak ukatzea soilik beren sexuagatik, eta horren erantzuleek egindakoaren ondorioak ordaindu beharko dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.