Afganistan

Talibanek segurtasun indarretako 25 kide hil dituzte Afganistanen

Lekukoen arabera, hainbat poliziek lagunduta egin dute erasoa, Zabul probintziako kontrolgune batean.

Afganistano segurtasun indarrak munizioz betetako kamoi bat husten, Jalalabaden. GHULAMULLAH HABIBI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 20a
12:20
Entzun

NATOk tropak erretiratuko dituela iragarri eta hurrengo egunean, 25 pertsona hil dituzte talibanek Afganistango Zabul probintzian. Eskualdeko kontrolgune baten aurkakoa izan da erasoa, eta militarrak eta poliziak dira hildako guztiak. Segurtasun indarretako kide batek azaldu duenez, milizianoek hainbat poliziaren laguntza izan dute erasoaldia egiterakoan, eta armak eraman dituzte alde egin dutenean.

Afganistango Defentsa ministro Asadula Khalilek atzo jakinarazi zuen segurtasun indarrak defentsan aritzeari utzi eta «defentsa aktiboan» hasiko direla. Izan ere, azken egunetan ugaritu egin dira talibanen erasoaldiak, batez ere AEBekin bake akordioa sinatu zutenetik. Idatzian zehazten zen ez zutela nazioarteko indarren aurkako atentatu gehiago egingo.

Bestelakoa da, ordea, milizien eta gobernuaren arteko harremana. Akordioaren arabera, Kabulek 5.000 preso taliban askatu beharko lituzke elkarrizketak hasi ahal izateko, Asraf Ghani presidenteak, baina, soilik 1.500 preso askatzeko agindu du, eta iragarri gainontzeko 3.500ak elkarrizketak hasi ostean askatuko dituztela. Hala, miliziek ituna urratzea egozten diote gobernuari, eta gogortu egin dituzte haren aurkako erasoak.

Gobernuak su-eten bat eskatzen die talibanei, presoak askatzearen truke. Baina haiek ez daude halakorik egiteko prest. Horiek hala, etenda daude kontaktuak, eta nazioarteko indarrek militarrak ateratzen jarraitzen dute. AEBak, berriz, indarkeria amaitzeko eskatzera mugatu dira, nahiz eta herrialde hori izan den orain arteko bileren bultzatzaile nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.