Hilketen biharamunean, talibanek zin egin dute mendekatu egingo dutela Afganistan hegoaldeko Kandahar eskualdean ustez AEBetako soldadu batek egindako sarraskia. «Ekintza basati honen biktimen alde gaude, eta haien senideei zin egiten diegu inbasore eta hiltzaile horiez mendekatuko garela eta haien ekintza ankerrak zigortuko ditugula», adierazi dute Internet bidez hedatutako mezu batean. Ohartarazpenak gorengo alertan paratu ditu indar okupatzaileak, joan den hilean Bagrameko base militarrean AEBetako soldaduek koran aleak erre zituztela jakin zenetik lehendik larria zen egoera are latzagoa bihurtu baita NATOko tropentzat. Orduan, talibanek Afganistango Estatuko indarretako kideei eskatu zieten atzerriko soldaduen aurka tiro egiteko, eta astebetean AEBetako sei militar hil zituzten horrela. Afganistango Parlamentuak, berriz, ustezko hiltzaileari epaiketa publiko bat egiteko eskatu die AEBei.
Iturri ofizialen arabera, soldaduak hamasei zibil hil zituen bi herrixkatan, horietako bederatzi haurrak. Talibanen arabera, ordea, hildakoak 45 dira, eta hiltzaileak, soldadu bat baino gehiago. Atzo argitaratutako mezuan, mendekua hartuko dutela iragartzeaz gain, giza eskubideen aldeko erakundeei eskatu diete «horrelako krimenak geldiarazteko» Afganistango herritarrei laguntzeko. Ustezko hiltzailearen buruko egoeraren inguruan erran direnei buruz ere mintzatu dira talibanak: «Sarraskiaren egileek buruko arazo bat bazuten, horrek erran nahi du AEBetako armada moral hauste larriak egiten ari dela, defendatzeko aukerarik ez duten zibil afganiarrak hiltzeko bi aldiz pentsatzen ez duten eroei armak ematen ari baita».
Parlamentuak, berriz, gogor gaitzetsi ditu hilketak. Epaiketa publikoa egiteko eskatu du, eta «egileei» zigor gogorrak jartzeko. «Lezio bat izan dadila herritar errugabeen odola isuri nahi dutenentzat». Ustezko hiltzailea Afganistanen epaitzea, ordea, zaila izanen da. Washingtonek akordio bat sinatu zuen okupazioaren ondorengo gobernuarekin, eta, horren arabera, AEBetako auzitegi militar batek epaitzen ditu Afganistanen delituak egin dituzten soldaduak. Horren eraginez, Mohammed Naim Lalai Hamidzai parlamentariak Hamid Karzai presidentearen buruzagitza ere zalantzan paratu du: «Karzaik ezin badu egoera konpondu, berari eta beraren presidenteordeari boterea uzteko eskatzen diegu».
Karzaik herenegun bertan gaitzetsi zuen erasoa, eta «krimen barkaezina» dela erran du. Barack Obama AEBetako presidenteak eta Leon Panetta Defentsa idazkariak barkamen eske deitu zioten. Gertatutakoak ez duela AEBetako armadaren «ospe bikaina» ordezkatzen erran du Obamak. Hillary Clinton Estatu idazkariak ere gauza bera adierazi zuen atzo, eta justizia eginen dela zin egin zuen. Azken aldian, ordea, Obamak behin baino gehiago deitu behar izan du Afganistanera barkamen eske.
Etxez etxe tiroka
Ustezko hiltzaileari dagokionez, NATOko bozeramaile Jimmy Cummings koronelak erran du bakarrik egin zituela hilketak, eta giltzapean dutela. Haren izena ez dute eman, baina iturri militarrek jakinarazi dute 38 urteko gizasemea dela, abendutik dagoela Afganistanen, eta lehen Iraken egon zela. Hilketak igande goizaldean gertatu ziren, Najeeban eta Alkozai herrietan. Ustezko erasotzailea oinez atera zen base militarretik, eta hainbat etxetan sartu zen lotan zeuden familiak tirokatzeko. Gorpu batzuei su eman zien. Gertatua gertatu, AEBek adierazi dute ez dutela estrategiaz aldatuko Afganistanen.
Afganistan. Zibilen sarraskia
Talibanek zin egin dute afganiarren hilketak mendekatuko dituztela
Hamasei zibilen ustezko hiltzaileari epaiketa publikoa egin diezaiotela eskatu die Afganistango Parlamentuak AEBeiAEBetako 38 urteko soldadu bat da ustezko erasotzailea, Irakeko gerran egondakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu