Qari Yousef Ahmadi talibanen bozeramaileak jakinarazi duenez, asetazkenetik bahituta zeuzkaten bi alemaniar ingeniariak hil egin dituzte gaur. ARD Alemaniako telebista publikoak, aldiz, Kabulgo iturriak aipatuz esan du alemaniar haietako bat bizirik dagoela eta bestea bihotzekoak jota hil dela. Gauza bera esan du Afganistango Gobernuak.
Alemaniako Gobernuari euren soldaduak Afganistanetik erretiratzeko eskaera egin zioten talibanek -hiru mila soldadu dituzte-, bestela bi bahituak hil egingo zituztela. Bahiketen ondoren, Angela Merkel kantzillerrak esan zuen ez zutela halakorik egingo. Afganistango gaurko eguerdiko hamabietarako harremanetan jartzeko epea eman zioten, baina Alemaniako agintariak ez dira haiekin hartu-emanetan jarri, talibanek esan dutenez. Orduan hil dituzte bi alemaniarrak. Alemaniako Gobernuak ez ditu oraindik albistea berretsi.
Bi haiekin batera bost afganistandar ere bahitu zituzten, eta horiek ere hil egin dituztela esan dute talibanek.
Ostegunean 22 hego korear bahitu zituzten talibanek. Hego Koreako Gobernuak esan du urtea bukatu baino lehen Armada atera egingo duela Afganistanetik.
Afganistan
Talibanek ziurtatu dute bi alemaniar bahituak hil dituztela
Alemaniako Gobernuari euren soldaduak Afganistanetik erretiratzeko eskaera egin zioten. Alemaniako telebista publikoak eta Afganistango Gobernuak, aldiz, esan dute bahituetako bat bizirik dagoela eta bestea bihotzekoak jota hil dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu