Afganistan

Talibanen gobernua «behin-behinekoa» izango da, eta emakumerik gabea

Integristek Afganistan gidatuko duen lantaldearen berri eman dute: Mohammad Hasan Akhund mulla izango da gobernuburua, eta Abdul Ghani Baradar gobernuburuordea. Manifestariek Pakistanen esku hartzea salatu dute Kabulen.

Manifestariak, gaur, Kabulgo kaleetan. EFE
Iosu Alberdi - Ander Perez Zala
2021eko irailaren 7a
12:59
Entzun

Oraingoz bada ere, hainbestetan hitzemandako «inklusibotik» gutxi izango du talibanek osatu duten gobernuak. Zenbait atzerapenen ostean, integristek Afganistan gidatuko duen lantaldearen berri eman dute gaur, eta hori egiteko agerraldian jakinarazi dute Mohammad Hasan Akhund izango dela herrialdeko gobernuburua; Abdul Ghani Baradarrek, mugimendu sunitako buruzagi politikoak, azkenean gobernuburuorde kargua eskuratuko du. Talibanen bozeramaile Zabihullah Mujahidek azaldu duenez, gobernua «behin-behinekoa» izango da; hori bai, ez du zehaztu noiz arte.

Nazioarteak hala eskatu zuen arren, badirudi Afganistango gobernu berrian ez dela gainerako indar politikorik izango —ezta emakumerik ere—, jakinarazitako ministro guztiak integristen parte baitira aspaldidanik. Esaterako, Mohammed Omar talibanen sortzailearen seme Mohammad Yaqoobek izango du Defentsa ministroaren kargua, eta Sirajuddin Haqqanik Barnekoa; Haqqani ere ezaguna da atzerrian, FBIren pertsona bilatuenen zerrendan baitago. AEBetako Gobernuak 4,22 milioi euroko saria eskaintzen dio hura atxilotzen laguntzeko informazioa emango liokeen edonori.

Organigramaren inguruan hedabideek iragan asteetan zabalduriko informazioaren arabera, gobernua 25 ministerioz osatuta egongo litzateke, eta ministro kontseiluak hamabi lagunez osatutako shura batekin kontrastatuko lituzke erabakiak —islamismo sunitaren barruko erabakigune bat da shura, komunitateko ordezkariek osatua—.

Horrez gain, batzorde handiago bat osatzea ere aurreikusten dute, Afganistango herritarren ordezkari gisa arituko dena, eta konstituzioaz eta gobernuaz erabakiak hartu beharko dituena.

Abuztuaren 15ean Kabul hiriburua hartu zuten talibanek, bi asteko epean herrialdeko 33 eskualde menpean hartzea lortu ostean —atzo azkena, erresistentziak kontrakoa dioen arren—. Harrez geroztik aritu dira gobernua negoziatzen, baina azkenean badirudi soilik haiek osaturikoa izango dela.

Lantalde horren jakinarazpena Kabulen protestak abiatu ostean egin dute talibanek. Ehunka lagunek hiriburuko kaleak hartu dituzte talibanen aurkako erresistentziari babesa emateko eta Pakistanek Afganistango gatazkan izan duen rola kritikatzeko. Manifestariek salatu dutenez, Islamabadek babesa eman die talibanei Panjxir eskualdeko borroketan. Han gotortu da fundamentalisten aurkako erresistentzia, eta, talibanek eskualdea bereganatu dutela azaldu arren, NRF Erresistentzia Nazionala Fronteak ukatu egin du kontrola galdu izana.

Borrokarako deia helarazi du NRFk

NRFko buru Ahmad Massudek talibanen aurka altxatzeko deia egin zien atzo herritarrei, Panjxirren borrokak ez direla eten adieraztearekin batera: «Aberrikideok, zaudeten lekuan zaudetela, barruan edo kanpoan, gure herriaren askatasunaren eta duintasunaren aldeko altxamendu nazional bat hasteko eskatzen dizuet». Hala, protestak izan dira Afganistango hainbat hiritan; hala nola Blakh eta Daikundi eskualdeetan. Kabulen, berriz, Pakistan, utzi Afganistan eta bestelako mezuak erakusten dituzten kartelekin atera dira herritarrak kalera.

Tolonews agentziaren arabera, horiei airera tiro eginez erantzun diete talibanek, Pakistanen enbaxadatik gertu. Agentzia bereko kameralari bat ere atxilotu dute, gertatutakoa grabatzeagatik. Talibanen bozeramaile Bilal Karimik Efe agentziari adierazi dionez, ordea, fundamentalisten buruzagitzak ez du tiroketen berririk: «Ez dugu manifestarien aurka tiro egin izanaren inguruko txostenik. Gaiaren inguruko informazioa biltzen ari gara».

Panjxirko borrokak Kabul talibanen esku erori ostean areagotu ziren. Ordutik, eskualde hura izan da fundamentalisten esku egin ez den Afganistango eremu bakarra. Atzo, ordea, talibanek jakinarazi zuten eskualdea, eta hura zeharkatzen duen bailara bereganatu zituztela. «Panjxirko gobernadorearen eraikina da hau. Emirerri Islamikoaren indarrak honaino iritsi dira», azaldu zuten euren bandera masta batean jarri bitartean. Hala, Mujahidek amaitutzat eman zuen gerra: «Etsaiak harrapatuak izan dira». Massudek, ordea, ukatu egin du eskualdea galdu izana, eta Panjxirren eta Andarab barrutian —Baghlan eskualdean dago— borrokan jarraitzen dutela azaldu du.

NFRk baieztatu duenez, Panjxirko herritarrak eta erresistentziako milizianoak sendagaiz eta elikagaiz hornitzeko bideak blokeatu dituzte talibanek. Gatazkan Islamabadek izaniko rola ere gaitzetsi dute, eta talibanei laguntza militarra ematea leporatu diote Pakistango Gobernuari.

Pakistenek ukatu egin du talibanei inolako babes militarrik eman izana. «Informazio faltsuak dira», adierazi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Asim Iftikharrek. Talibanen eta Islamabaden arteko harremanak, baina, onak izan dira azken urteetan, Pakistango lehen ministro Imran Khanek onartu izan duenez. Esaterako, Pakistango inteligentzia zerbitzuen burua Kabulen izan zen asteburuan. Horrez gain, herrialde hartako eskola erlijiosoetan hezitakoak dira taliban ugari, eta euren buruzagien gotorleku nagusia izan dela uste da.

Gauzak hala, Teheran gertutik erreparatzen ari zaio Panjxirko egoerari. Irango Atzerri Ministerioko eledun Saeed Khatibzadehk elkarrizketaren beharra azpimarratu du, eta talibanek azken egunetan eginiko erasoak gaitzetsi. Horrez gain, «atzerriko indarrak» gatazkan parte hartzen ari ote diren ikertzen hasi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.