Mavi Cruz Reyes. Giza eskubideen aldeko ekintzailea

«Tapachulan aurkezten dira Mexikoko asilo eskaera gehienak»

Guatemala eta Mexiko arteko mugako hirietan dituzten bizi baldintzen ondorioz migratzaile askok iparraldera jotzea beste aukerarik ez dutela salatu du Reyesek, «nahiz eta hasieran haien asmoa beste bat izan».

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Guatemala eta Mexiko arteko mugara heltzen diren migratzaileekin lan egiten du Fray Matias de Cordova giza eskubideen aldeko erakundeak, eta bertako kide da Mavi Cruz Reyes. Abendu hasieran CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak antolatutako Ihes egin bizitzeko mahai inguruan parte hartu zuen Reyesek.

Tapachula inguruetan lan egiten duzue batez ere, Guatemalako mugatik gertu. Migratzaile askoren pasabidea da hiria?

Bai. AEBekiko muga ez bezala, Guatemalarekikoa igarotzea oso erraza da: nahikoa da ibaia zeharkatzea, eta migratzaile eta iheslariak erraz igarotzen dira Mexikora. Gainera, inguru hau beti izan da pasabide bat; ez dugu ahaztu behar garai batean Chiapas Guatemala zela. Arazoak gero etorri ohi dira, iparraldera jarraitu nahi dutenean. Asko Tapachula inguruetan geratzen dira, ez dutelako baliabiderik aurrera egiteko, edo atxilotu egiten dituztelako. Pentsa ezazu: hemen dago Latinoamerikako migratzaileentzako zentro itxirik handiena. Gu astean bitan joan ohi gara zentrora asilo eskatzaileei laguntza eskaintzera eta giza eskubideen urraketak dokumentatzera.

Zer-nolako egoeran daude migratzaileak zentro horretan?

Migratzaileentzako atxilotze guneek ez dute zerikusirik espetxeekin. Migratzaileek arazoak izaten dituzte maiz lege informazioa jasotzeko eta asilo eskariak abiatzeko. Askotan deportatu egiten dituzte euren prozedurari buruzko inolako azalpenik eman gabe, edo zergatik atxilotu dituzten esan gabe. Azken urteetan ugaritu egin dira gazteleraz hitz egiten ez dutenak, eta horiek zailtasun handiagoak izaten dituzte, itzultzailerik ez dagoelako. Arazo hori ez dute soilik Haititik ihesean etortzen direnek; indigena askok ere badute.

Horri guztiari gehitu behar diogu zentro itxi hauek normalean behar baino beteagoak egon ohi direla, eta migratzaileak, pilatuta. Horrek garbitasun, osasun eta elikadura arazoak sortzen ditu, eta pandemiak ez du egoera hobetu. Migratzaileentzako Institutu Nazionalak kasurik jakinarazi ez duen arren, komunikabideek zabaldu dute egon badaudela.

Zer ondorio izan ditu pandemiak migratzaileengan?

Duela gutxi jakin dugu COVID-19a zabalduz joan ahala hustu egin zituztela migratzaileentzako aterpeak. Haietako gehienak deportatu egin zituzten, asiloa eskatzeko prozedurei buruzko informaziorik eman gabe edo prozedura hasia zutela aintzat hartu gabe. Beste batzuk, berriz, kalean utzi zituzten, beste irtenbiderik eskaini gabe.

Zer gertatzen da kalean geratu diren migratzaile horiekin? Badute Mexikon geratzeko aukerarik, edo itzuli egiten dira?

Askok geratzea erabakitzen dute, eta Errefuxiatuentzako Mexikoko Laguntza Batzordera jotzen dute errefuxiatu estatusa eskatzeko. Hori izan ohi dute azken irtenbidea. Soilik nolabaiteko ahultasun egoeran daudenek jaso dezakete bisa berezi bat Mexikon geratzeko, edo, bestela, hemen senideren bat dutenek. Gainontzekoek prozedura abiatu behar dute, legez herrialdean geratuko badira. Bisa emango dieten edo ez argitu bitartean, eskaria egin duten hirian bertan geratu behar dute.

Kontua da Tapachulatik Guatemalako mugara 25 kilometro besterik ez dagoela, eta segurtasun arrazoiengatik ihesi etortzen direnak ez dira seguru sentitzen. Ez litzateke lehen aldia ihesean etorritako norbait atzematen dutela. Horrek esan nahi du prozedurari buruzko erabakia etorri bitartean pertsona horiek arriskuan daudela, eta, epeak asko luzatzen diren kasuetan, askok bertan behera uzten dute guztia, eta beste norabait ihes egiten dute.

Bestetik, Tapachulan ez da erraza lana aurkitzea kanpotik datorrenarentzat. Gehienek uzta bilketan, kaleko saltzaile gisa, tabernetan edota eraikuntzan egiten dute lan, baina, horretaz gain, ez dago irtenbiderik. Eta ez dugu ahaztu behar Tapachulan aurkezten direla Mexikoko asilo eskaera gehienak. Beraz, milaka lagun dira hemen harrapatuta daudenak, prozedurak argitu bitartean. Haien bizi baldintzak txarrak dira: behin-behineko aterpeetan edo kale gorrian bizi dira asko. Zenbaitek giza laguntza jasotzen dute lehen asteetan, baina hori ere amaitu egiten zaie maiz administrazioaren erantzuna jaso aurretik.

Egoera horretan, irabazirik gabe, aterperik gabe eta babesik gabe, askok euren bideari jarraitzea erabakitzen dute, eta AEBetara sartzen ahalegintzen dira, nahiz eta hasieran euren asmoa beste bat izan.

Gainera, Mexikok hesi lana ere egiten du hegoaldetik doazenak iparralderago igaro ez daitezen.

Hala da. Mexikoren egungo migrazio politiken helburua da herrialdera iristen direnak geldiaraztea, eta, ondorioz, iheslariak harrapatuta geratzen dira, ez atzera ez aurrera. Egia da segurtasun arrazoiak argudiatuta iheslariek eska dezaketela euren prozedurak beste hiri batean egiteko aukera, baina azken urteetan gogortu egin dituzte horretarako baldintzak ere. Eta euren kabuz mugitzea erabakitzen badute, giza trafikatzaileen esku erortzeko arriskua dute, zeintzuek diru kopuru izugarriak eskatzen dizkieten eta gero edozein tokitan abandonaturik uzten dituzten, inolako babes sarerik gabe.

Zenbat denbora behar izaten da batez beste asilo eskaera baten erantzuna jasotzeko?

Ohiko prozedura batek 45 egun behar ditu, eskaria erregistratzen dutenetik erantzuna ematen duten arte. Epe hori beste 45 egun luzatzeko aukera dute, informazioa biltzeko beharra dagoen kasuetan. Baina kontua da pandemiak ia erabat gelditu dituela prozedura guztiak. Ondorioz, badaude pertsonak urtebete baino gehiago daramatenak erantzun baten zain, bizitzeko baliabide duinik gabe, giza eskubideak ukatuta eta arrazakeria eta xenofobiaren biktima izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.