Tapagailua

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Tximiniatik igotzeko eskailera ez zegoen behar zuen lekuan.Harrapatuta gelditu eta bi egunera 700.000 tonako harriak irteera bide guztiak itxi aurretik nahikoa zatekeen larrialdietarako eskailera lurrazalera ateratzeko. Baina eskailera ez zegoen behar zuen lekuan. Ez toki horretan eta ez beste inon. Arduragabekeria zerrenda luze batean xehetasun batbaino ez da hori; xehetasun erabakigarria, betiere. Sabaiak, berriz, isolatu gabe zeuden. Eta paretak sendotzeko altzairuzko zutabeak baliatu beharrean, zurezko xafla ahulak baliatu zituzten. Arrisku seinaleen arrastorik ere ez zegoen meategian. San Joseko istripua segurtasun neurri kaskarrek eragindakoa izan zela ahaztuta gelditu da salbamenduaren ikuskizunaren itzalean. Balentriaz, itxaropenaz, ausardiaz, arrakastaz,elkartasunaz, epopeiaz, egun historikoaz eta heroiez hitz egin da etengabe egunotan. Baten batek esan du, alta, meatzariak ez direla heroiak, biktimak baizik. Paul Walder idazleak zehaztu du zergatik: «Sistemak zapaldutako langile klase lurperatua duen herria da Txile».

San Jose meategiak ez zituela segurtasun arauak betetzen ez da gauza berria. Meategiak mende bat du, eta urteotan hamaika istripu izan du. Ezen urtean ehunka meatzari hiltzen dira Txilen -iaz 443 izan ziren, eta aurten jada 155 dira-. Orotara 100.000 meatzari ari dira lanean herrialdean sakabanatuta dauden 4.000 meategietan, eta, horiek guztiak ikuskatzeko, berriz, hamasei inspektore baino ez daude. ILO Lanaren Nazioarteko Erakundearen 176 hitzarmena horregatik dauka sinatu gabe Txilek. Meategien Segurtasun eta Osasunerako itunak agintzen baitu segurtasun faltaren zantzurik txikienaren aurrean itxi behar direla meategiak. Eta bakarra beharrean larrialdietarako bi irteera eskatzen ditu. Aste honetan erreskatatu dituzten meatzariak orain artean horren isilik egon badira, berriz, hitz egiteak dituen ondorioengatik baino ez da izan.

Lan baldintza ankerrez eta arriskuez orain hasi dira mintzatzen. Meatzarietako batek esan du «amesgaiztoa» zela meategia. Eta denek zekitela hori. Sebastian Piñera presidenteak ere horren berri zuela pentsatzekoa da, beraz, eta, akaso, horrexegatik bihurtu da ikuskizunaren parte. Banan-banan besarkatu ditu meatzariak zulo beltzetik lurrazalera atera ahala, eta, orain, haiekin taldeko argazkia atera ostean, erantzuleek erantzukizuna bere gain hartu beharko dutela adierazi du, arduragabekerien zerrenda beltz horretan estatua aurrena edo azkena den esan gabe, erantzule denik ere aipatu gabe; izan ere, bere kontra bilakatu zitekeena, bere alde jartzeko abilezia aitortu behar zaio presidenteari, eta, trukean, inoizko sostengu maila altuena eskuratu du -abuztuan zuena baino hamar puntu altuagoa-.

Piñerak lurrikara batekin egin zion zin karguari eta, zazpi hilabete geroago, egunotako nazio identitatearen abaroan, bizi izan ditu agintaldiko unerik goxoenak, bere irudia indartuta atera dela jakitun. Bera izan zen meatzariak erreskatatzeko baliatutako zuloan tapagailua ezarri zuena, eta ekintza sinboliko horren harira, beste auzi ilun asko ere lurpean ezkutatzeko joeraz ere mintzatu daiteke; ezen orain artean ez ikusiarena egin du maputxeen gose grebaren aurrean,basamortuan, lau mila metroko garaieran, lan baldintza makurretan ere, gatza ateratzen duten indigenen aurrean, edo diktadura garaiko erantzuleak zigortu ahal izateko ekimenen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.