Tassos Papadopoulos Zipreko presidentea lehiatik at gelditu da bozen lehen itzulian

Kassoulides eta Christofias hautagaiak izan dira garaile, uhartearen batasunaren aldeko bi buruzagi nagusiak

2008ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zipreko presidentetzarako hauteskundeetan hiru hautagaien artean lehia estua izango zela iragarri zuten, eta, alde horretatik, fin ibili dira. Ioannis Kassoulides, Dimitris Christofias eta Tassos Papadopoulosen artean oso alde txikia izan da botoen zenbaketan. Ez zen espero, ordea, Papadopoulos orain arteko presidentea hauteskundeen lehen itzulian lehiatik kanpo gelditzea. Adituen arabera, hautesleen erabakiak susperraldi berria emango dio Zipre berriz batzeko ahaleginei, eta Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarreko agintariek ere begi onez ikusi dute egungo presidentearen porrota.

Zipreko Errepublikako herritarrak derrigortuta zeuden hauteskundeetan botoa ematera, eta, hortaz, bozkatzeko eskubidea zuten 516.000 zipretarretatik ia %90k parte hartu zuen igandeko bozetan. Hala, Ioaniss Kassoulides hautagai kontserbadoreak lortu zuen boto gehien, baina espero zen bezala ez zuen bigarren itzulia saihesteko moduko babesik jaso. DISY Zipreko Alderdi Demokratikoaren sostengua zuen buruzagiak botoen%33,51 jaso zuen, eta mila botoko aldeagatik irabazi zuen.

Bigarren postuan Dimitris Christofias hautagai komunista sailkatu zen -botoen %33,29rekin-, AKEL Zipreko Langileen Alderdi Progresistaren babesarekin. Lehen aldia da alderdi komunistak presidentetza bozetarako hautagaia aurkezten duena. 2003an Papadopoulos presidente izatea ahalbidetu zuen sostengua eskainita.

Orain arteko presidenteak botoen %31,79 eskuratu zuen, eta 7.000 gehiago beharko zituen bigarren itzulira igaro ahal izateko. Adituen esanetan, AKEL alderdiaren babesa galtzeak eragin du ustekabeko porrota. EDEK Alderdi Sozial Demokrataren babesa zuen, mugimendu ekologistarena, EVROKO alderdi demokratarena eta DIKO zentroko alderdiarena. Heldu den igandean erabakiko dute zipretarrek hurrengo bost urteetarako presidente berria zein den.



BI KOMUNITATEEN BAT EGITEA. Hauteskunde kanpainan Zipren dagoen banaketa gainditzeko urratsak izan dira mintzagai nagusi. 1974. urtean uharteko iparraldea mendean hartu zuen Turkiako armadak, eta orduz geroztik bitan banatuta dago uhartea, eta erdian Nazio Batuen Erakundeko bake misioa dago. Greziar jatorriko zipretar gehienak Zipreko Errepublikaren agintepean bizi dira, uhartearen hegoaldean. Turkiar jatorriko zipretarrak, bestalde, ia osotasunean uhartearen iparraldean bizi dira, 1983. urtetik Zipreko Iparraldeko Errepublika Turkiarra deritzon lurraldean. NBEren bitartekaritzarekin bi zatiak eta bi komunitateak elkartzeko negoziazio ugari egin badituzte ere, ez dute orain arte akordiorik lortu; eta 2004an ere banaketa gainditu gabe sartu zen Zipre Europako Batasunean. Turkiaren menpe den zatia Ankarako gobernuak bakarrik onartzen du.

2004. urtean Koffi Annanek bideratutako banaketa amaitzeko egitasmoa erreferendumean bozkatu zuten zipretar guztiek. Zipreko Errepublikan ezezkoa nagusi izan zen, Papadopoulos presidenteak bat egitearen kontrako botoa babestu ondoren. Proposamenak ez zuela herrialdearen batasuna ekarriko arrazoitu zuen Zipreko presidenteak. Turkiar jatorriko zipretarrek, berriz, baiezkoa eman zioten.

«Heldu da garaia azkeneko urteotan Zipreko auzian jendea banatu duen guztia atzean uzteko», esan zuen Kassoulidesek bozen garaipen estua ezagutu ondoren. Mehmet Ali Talat Zipreko Iparraldeko Errepublika Turkiarreko agintariaren arabera, itxaropen berria eman du presidentearen porrotak. «Papadopoulosek ez zuen Zipreko auzia konpondu nahi, bi hautagai irabazleek, ordea, borondate hori adierazi dute». 1974tik lehen aldiz, hegoaldean bizi diren 390 zipretarturkiarrek bozkatu ahal izan dute.



«Heldu da garaia azken urteotan Zipreko auzian jendea banatu duen guztia atzean uzteko»

Ioaniss kassoulides
bozen lehen itzuliko garailea
«Papadopoulosek ez zuen Zipreko auzia konpondu nahi; bi irabazleek, ordea, borondate hori azaldu dute»

mehmet ali talat
Zipreko errepublika turkiarreko agintaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.