Mauritania

Taya presidenteari Mauritanian lur hartzea galarazi diote matxinoek

Egoera nahasia da Mauritanian: Taya presidentearen aurkako militarrek haren egoitza, telebista eta irrati publikoak eta aireportua hartu dituzte, eta, halaber, Saudi Arabiatik bueltan zihoan lehendakariari Mauritanian lurrartzea galarazi diote. Tayaren Gobernuko iturriek, hala ere, egoera kontrolpean dutela diote; guztiz aurkakoa dio oposizioak.

2005eko abuztuaren 3a
17:42
Entzun
Taya presidentea Mauritaniatik kanpo zegoen, Saudi Arabian, Fahd errege zendu berriaren hiletetan. Gaur Mauritaniara itzuli nahi izan du, baina azkenean Nigerren lur hartu du matxinoek Mauritanian aterrizatzea galarazi ostean.Mauritaniako erbesteko oposizioko buruek estatu kolpea dela agertu dute, eta herritarrak aspalditik zeudela halako gertakari baten zain.

Mauritaniako Gobernuko iturriek adierazi dutenez, gaur goizeko estatu kolpea emateko saiakerak porrot egin du, eta Maaouya Ould Sid Ahmed Tayapresidenteari leial zaizkion militarrek dute egoeraren kontrola. 05:00ak aldera(06:00 Euskal Herrian) soldaduek Taya presidentearen egoitza inguratu dute Nouakchott hiriburuan, eta, halaber, telebista eta irrati publikoak hartu dituzte.

Oposizioak, aldiz, bere bertsioa plazaratu du. Mauritaniako erbesteko oposizioko bozeramaile Bidi Ould Binuk esan du "badirudiela" estatu kolpeak arrakasta izan duela, eta ez dela herritarren aurkako "indarkeriarik egon". Dirudienez, Presidentearen Guardia dago estatu kolpearen atzean, eta Mohamen Udl Abdelaziz koronela dago buruan.

Oraingoz, ez Mauritaniako agintariek, eta ezta Armadak ere ez dute gaiaren inguruko agiri ofizialik plazaratu.

2003an estatu kolpe batek ia-ia lortu zuen Taya boteretik kentzea, eta 2004an beste bi geldiarazi zituztela agertu zuten Gobernuko iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.