Christine O'Donnell da Tea Partyk lortutako arrakastaren emaitzetako bat. Abortuaren aurkari sutsua -baita bortxaketa kasuetan ere-, homosexualitatea «gaixotasuntzat» duena, zelula amekin ikertzearen kontrakoa eta Barack Obama presidenteari «sozialismoan erortzea» egozten diona. Alderdi Errepublikanoko kide bat gehiago izaten hasi, eta Delawareko Senaturako hautagai bihurtu da hilabete gutxian, demokratak ataka estuan jarriz. Bera bezala asko dira Sarah Palin Alaskako gobernadorea buru duen mugimenduari esker AEBetako Kongresuan eserleku bat lortzeko aukera dutenak. Izan ere, tarte txikian, demokraten eta errepublikanoen betiko diskurtsoekin aspertuta zeuden milaka herritarren babesa bereganatu dute muturreko kontserbadoreek. Inkesten arabera, dagoeneko biztanleriaren %18ren sostengua dute.
Demokratei ez ezik, Tea Partyk ekarritako haize berriak esperientzia luzeko errepublikanoei ere egin die kalte. Floridan aurki daiteke horren adibide ezin hobea. Charlie Crist gobernadore errepublikanoa eta zenbaiten iritziz presidentetzarako hautagai posibleetakoa zen Senaturako aukera ziurrena, Obamak bertara egindako bisitetako batean -intentzioarekin edo gabe- besarkada bat eman zion arte. Hor amaitu zen Kongresurako haren kanpaina; Tea Partyk bultzatutako kubatar jatorriko hautagaiak, Marco Rubiok, berehala hartu zion aurre, nahiz eta politikagintzan ezer egiten zuen lehen aldia izan, eta haren hitzaldiak mugimendu kontserbadorearen leloa errepikatu besterik ez egin. Horretan guztian, baina, zerikusi handia izan du finantzaketak, izan ere, duela bi urte dirua demokraten eskuetara barra-barra heltzen bazen, oraingoan errepublikanoak dira milioika dolarren «laguntzak» jasotzen dituztenak. Horretan zerikusi handia izan du George Bushen aholkulari izandakoak, Karl Rovek, sortutako «irabazteko asmorik gabeko» erakundeak, American Crossroadsek. Egun, Rubiok hamabost puntuko aldea ateratzen dio Cristi, eta hogeikoa Kendrick Meek demokratari.
Bestalde, errepublikanoak kezkatuta daude Palinen mugimenduak izan dezakeen eraginaz, ezen haren muturreko jarrerek etxean geratzera, edo are okerrago, demokraten alde bozkatzera bultza ditzakete errepublikano moderatu asko. Inkestek, baina, ez dute islatzen halako beldurrik oraingoz. Azken datuen arabera, zazpi punturen aldea ateratzen diete Obamarenei. «Demokratak laugarren kategoriako urakan bati egin behar diote aurre», nabarmendu du Peter Hart inkestari demokratak. Beraz, herritarrek iritzia aldatu ezean, errepublikanoentzat izango dira Ordezkarien Ganberako 52 eserleku -gehiengoa lortzeko behar dituztenak baino hamahiru gehiago-. Senatuan, berriz, zail dute gehiengoa eskuratzea, nahiz eta inkestek gorakada iragarri han ere.
Demokraten krisia
Ekonomia eta finantza krisiak eragin du neurri handi batean Palinen mugimenduaren gorakada, baina demokratek euren lorpenak saltzen ez jakiteak ere ez du batere lagundu. Herritar asko dira oraindik osasun erreforma zergak igotzeko aitzakiatzat ikusten dutenak, eta Obama bera egiten dutenak defizitaren erantzule. Horregatik, Gobernuaren gastuak murrizteko eskaera bilakatu da mugimendu kontserbadorearen lelo nagusia, eta hori izan da haren arrakastaren oinarrietako bat ere.
Dena den, errepublikano guztiak ez dira Tea Partyren besoetan erori. Estatu moderatuagoetan, Kalifornian kasu, zenbait hautagaik ez dute Palinen aldamenean agertu nahi izan, horrek kanpainan kalte egingo dielakoan. Horixe egin du, esaterako, Meg Whitmanek, Kaliforniako gobernadorerako hautagaiak. 72 urteko gobernadore ohi Jerry Brown da haren aurkaria. Brownek esperientzia luzea du politikagintzan eta bitan izan da gobernadore, baina ez du freskotasunik; Whitmanek, aldiz, bai. Horretaz gain, hautagai errepublikanoak bere alde du eBayren ordezkari izan zenean pilatutako dirutza. Horri esker 140 milioi dolar xahutu ditu kanpainan. «Nire dirua denez erabiltzen ari naizena, ez diot inori ezer zor», esan ohi du elkarrizketetan. Soilik hala uler daiteke kanpainan abortuaren aldeko jarrera agertu izana.
Ez dira ahaztu behar Alderdi Errepublikanoaren inguruan sortutako talde txikiagoak ere. Horietako asko Tea Party bera bezala herritarrek eratu dituzte kanpainan laguntzeko, eta zenbait barrutitan erabakigarriak dira. Horietako batzuek Washingtonen dute egoitza; hala nola Roveren American Crossroads-ek eta Crossroads GPS, eta American Action Network. Hirurak «irabazi asmorik gabeko taldeak» dira; beraz, euren finantzen inguruko azalpenik eman behar ez dutenak. Horiek dagoeneko 45 milioi dolar bideratu dituzte errepublikanoen aldeko iragarkietara.
Presidentetzari begira
Tea Partyren arrakastak telebistako izar bilakatu du Palin, baita haren ametsak bultzatu ere. Urriaren 19an Renon hasi etaAEBak aldez alde gurutzatuko dituen bidaia hasi zuen errepublikanoen presidenteorderako hautagai izandakoak. Eta bertan argi utzi zuen mugimendua ez dela azaroaren 2an desagertuko, eta euren asmoak urrunago iristen direla. «Ezkertiarrek ez dakite zer egin zuekin. Badakizue zergatik? Irabazten ari zaretelako. Bada garaia [Senatuko buru Harry] Reid kanporatzeko. Eta hurrengoa Obama izango da, gure etxetik 2012a ikusten delako».
Tearen ordua heldu da
Ezerezetik sortu, eta hilabete gutxian herritarren %18ren sostengua bereganatu du Sarah Palin buru duen mugimenduak; horrek indartu egin du Alderdi Errepublikanoa, baina baita haren kanpaina baldintzatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu