Bushehrgo erreaktore nuklearra martxan jarri ahal izateko erregaia emango dio Moskuk Teherani. Bi herrialdeek erregai horretaz hornitzeko akordioa sinatu zuten atzo. Erabilitako erregaia bueltatu beharko duela zehazten duen klausula jasotzen du hitzarmenak. IAEA Nazioarteko Energia Atomikorako Agentziaren eskaera zen. Erregaia uranioa aberasteko erabiltzea eragotzi nahi du horrela agentziak. Persiako Golkoan dago Bushehrgo erreaktore nuklearra eta datorren urtean martxan jartzea espero dute.
AEB Ameriketako Estatu Batuek hitzarmenaren kontra zegoen. EB Europako Batasunak, berriz, ontzat jo zuen akordioa.
IAEAren eskaera
Teheranek, bien bitartean, nazioarteko komunitatearekin «gehiago eta hobeto» kolaboratu behar duela adierazi zuen atzo IAEAko zuzendari Mohamed El Baradeik: «Erabateko gardentasuna izateko, informazioa xehetasun guztiekin eta ahalik eta azkarren emateko eskatzen diot oraindik argitu gabe dauden aferak argitu daitezen». Iranen programa nuklearraren ikerketa amaitu ahal izateko eskatutako baldintzak dira. Nazioarteko agentzia osatzen duten 35 herrialdeetako ordezkariak programa nuklearra aztertzen ari dira egunotan Teheranen.
IRAN
Teheran erregai nuklearrez hornituko du Moskuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu