Beji Said Essebsi Tunisiako lehen ministroak teknokratekin osatu du trantsizio gobernu berria. Izan ere, iragan astean Mohamed Ganutxi ordura arteko lehen ministroak eta hainbat gobernu kidek dimisioa aurkeztu zuten herritarren protesten aurrean. Diktadura garaiko agintariak kargugabetzea exijitzen zuten manifestariek. Izendatu berritan, gobernuak, Zine el Abidine Ben Ali diktadorearen garaiko Polizia desegitea erabaki du.
«Iraultzaren printzipioei men eginez» erabaki du Essebsik Estatuko Segurtasun Saila desegitea. Ben Aliren garaian giza eskubideak urratu izana egozten zaio Tunisiako Poliziari. Aurrerantzean, herritarren askatasuna eta eskubideak errespetatuko dituztela hitz eman du lehen ministroak.
Ben Aliren agintaldian Poliziak gogor jazarri zuen oposizioa eta iraultza piztu zenean ere manifestarien aurka egin zuen. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak Tunisiako Poliziak disidenteak eta herritarrak esetsi dituela salatu du. Islamistak torturatzea ere leporatu die poliziei.
Hirugarren gobernua
Ben Alik iragan urtarrilaren 14an Tunisiatik ihes egin zuenetik hirugarren gobernua da honakoa. Orain arteko bi trantsizio gobernuek huts egin dute, diktadura garaiko hainbat ministrok boterean jarraitzen baitzuten. Oposizioak behin eta berriz eskatu du aurreko erregimenarekin behin betiko etetea. Essebsik izendatu duen lan taldean, hain justu, ez dago iragan erregimeneko kiderik.
Ganutxiren gobernuko ministro gehienak mantentzea erabaki du. Besteak beste kargu garrantzitsuenak; defentsa, barne, justizia eta atzerri ministroak.
Iragarritako neurriek herrialdera egonkortasuna ekarriko dutela uste dute adituek, protestak hasi zirenetik Tunisia kaos egoeran murgilduta baitago. Manifestariei lanera itzultzeko ere eskatu diete hainbat herritarrek, normaltasuna berreskuratu asmoz.
Trantsizio gobernuaren egiteko nagusia datorren uztailaren 24rako deitu dituzten hauteskundeak prestatzea izango da. Baita ekonomia suspertzea ere. Egungo ministroek, baina, ezingo dute hauteskundeetara aurkeztu.
Ben Aliren garaiko ministro guztiak agintetik kentzea eta Polizia desegitea oposizioren oinarrizko eskariak izan dira.Iraultzaren garaipenaren seinaletzat hartu dituzte neurriak.
Protestak herrialde arabiarretan
Teknokratek osatutako gobernu batek gidatuko du Tunisiako trantsizioa
Lehen ministroak izendatutako gobernu berriak Ben Aliren erregimeneko polizia sekretua desegin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu