Gazaren aurkako iazko bonbardaketez geroztik palestinar eta israeldarren arteko giroa gaiztotuta dago. Gaur goizeko erasoa da horren ondorioetako bat. Palestinar batek Tel Aviveko autobus bateko bidaiariei eraso die labanaz, eta bederatzi pertsona zauritu ditu. Poliziak tiro egin dio erasotzaileari; zangoan zauritu du, eta atxilotuta eraman.
Iturri ofizialen arabera, bidaiarietako lau larri daude.
Ez da aste honetan izandako ezbehar bakarra. Joan den igandean palestinar bat hil zen Israelgo Poliziarekin izandako liskarretan. Erakunde palestinarrek protesta ekintzak iragarri dituzte aste honetarako.