Iragan maiatzaren 24an Legebiltzarrerako bozak irabazi zituen Tavini Huiraatira alderdiaren inguruan osatutako UPLD Demokraziaren Aldeko Batasunak. Orotara 27 diputatu jaso zituen. Hogeitabost urtez agintean egon den Tahoeraa Huiraatira (Herriaren Elkarretaratzea) alderdiak 28 hautetsi lortu zituen arren, Fetia Pai eta No Oe eTe Nunaa alderdi autonomistek hautetsi bana lortu eta buruzagi independentistaren alde egin zuten. Herenegun gobernu ituna adostu zuten hiru alderdiek. «Aniztasunean gobernatuko dugu», adierazi zuten hirukoaren ordezkariek.Temaruk egitarau politikoaren berri eman zuen atzo Tahitin. Bertan Parisen aldeko Gaston Flosse gobernuburuak urte hasieran indarrean jarri zuen estatutu berria «erreferendumarik gabe» onartu izana salatu eta erreformatzeko asmoa agertu zuen. Ildo horretan, uhartediaren erakundeen «benetako garapena» nahi zuela iragarri zuen. Polinesiako autonomia estatutuan ez dago zehaztuta autodeterminazio eskubiderik; izan ere, Frantziak ez du onartzen.Bozak irabazi eta hurrengo egunean «lehentasuna» ekonomia sendotzea zela adierazi zuen Temaruk: «Independentziarena geroago ikusiko dugu».
Parisen politika
Polinesia, uharte anitzak grezieraz, jatorri bolkanikoa duten bost uhartediz osatuta dago. 1958. urtean itsasoz bestaldeko kolonia izendatu zutenetik, artxipelagoa Frantziaren menpe dago erabat eta menpekotasuna politikoa izateaz gain, ekonomikoa da neurri haundi batean. 2002. urtean autonomia erkidegoak 1,34 milioi euroko inportazioak egin zituen, eta esportazioak, aldiz, 176,6 milioikoak baino ez ziren izan. Alta, Parisek150 milioi euroko dirutza eman zion Papeeteko gobernuari.
Frantziako presidente Jacques Chirac iragan urteko abuztuan izan zen Tahitin. «Polinesia gabe, Frantzia ez litzateke izango egungo boterea, zeinak munduko nazioen artean jarrera autonomo, independente eta guztiz errespetatua izan dezakeen», esan zuen.Hogeitabost urtez agintean egon den Gaston Flossek lore sorta ipini zion presidenteari «Polinesiarentzat egin duen guztiarengatik herritarren esker ona» azaltzeko.Laudorioak laudorio, Frantziak saio nuklearrak egiteko baliatu du Polinesia bereziki. 1966. eta 1996. urteak bitartean 123 eta 196 bonba nuklear artean piztu zituen Mururoako atoloian eta Fangataufakoan ere hainbat eta hainbat saio egin zituen. Tartean 200 kilotoietako bonbak erabili zituen, hain zuzen ere, Hiroshiman lehertutakoa baina hamar aldiz indartsuagoak ziren bonbak. Ildo horretan, saio nuklearrak independentziaren aldeko mugimenduaren pizgarria izan da. Herritarrek kexu dira; izan ere, azken urteotan etengabe hazten ari dira minbizi kasuak Frantziako Gobernuak uko egin dio herritarren gaixotasunen estatistikak jasotzen dituzten txostenak argitaratzeari.Oscar Temaruk artxipelagoa «zabortegi» bezala erabili izana leporatu dio Parisi. Agintaria entsegu nuklearren kontra abiatu zen mugimendu independentistaren ikur izan da azken urteotan. «1946. urtera arte, deskolonizatu beharreko herrialdeen zerrendan ginen, baina De Gaullek lortu zuen zerrendatik kentzea. Burujabetasuna lortu nahi dugu», esan zuen buruzagiak Hagako Nazioarteko Auzitegian salaketa bat jarri zuenean.Talde independentezaleek helegite bat aurkeztu zuten Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizazio Batzordean burujabetasuna aldarri.
Zabortegi nuklearra
Temaruk pixkanaka-pixkanaka sostengu zabalagoa jaso du herritarren artean. Zentzu horretan, Gaston Flossek Parisi etengabe bota dizkion lausenguak lagungarri izan zaizkio. Agintari kontserbadorea uhartediaren berezko ekonomiaren garapena sustatzeko egin duen ahalegin eskasa ere, buruzagi independentistaren onerako izan da. Atzo Papeeten aurkeztu programa politikoan garapen ekonomikoa «lehentasuna» duela zehaztu zuen Temaruk.
-
Historia
1595: Samuel Wallis itsasgizon inglesak eta Louis de Bougainville frantziarrak Tahiti aurkitu zuten.
1768: Uhartea Frantziarena zela aldarrikatu zuen Bougainvillek.
1840: Frantziak uharteak okupatu zituen.
1842: Tahitiko tribuetako buruzagiek Frantziaren babesa onartu zuten.
1880: Pomare V.a erregeak Frantziari eman zion uhartea eta ofizialki kolonia izendatu zuten.
1900: Frantziak bere gain hartu zuen uharte guztien kontrola.
1958: Itsasoz bestaldeko kolonia izendatu zuten.
1966: Aurreneko saio nuklearrak egin zituzten Mururoan.
1975: Fangataufako atoloian ere saio nuklearrak egiten hasi ziren.
1984: Lurralde Asanblearako aurreneko bozak egin eta UMP Tahoeraa Huiraatira alderdiko buru Gaston Flossek irabazi zituen. Etenaldi baten ostean 25 urtez egon da agintaldian Parisen aldeko gobernuburua.
1992: Frantziako presidente Francois Mitterrandek bertan behera utzi zituen saio nuklearrak behin-behinekoz.
1996: Hainbat saio egin ondoren, Frantziako presidente Jacques Chiracek bertan behera utzi zituen entsegu nuklearrak behin betiko.
2004: Tavini Huiraatira alderdi indenpendentistako buru Oscar Temaruk bozak irabazi zituen.