AEB-ak

Tennesseeko uholdeetan gutxienez 22 lagun hil dira, eta 45 desagertu

Erreskate zerbitzuak lanean dabiltza oraindik, eta laguntza eskatu diete herritarrei. 

New Yorkeko kale bat urak hartuta, atzo. JUSTIN LANE / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 23a
12:17
Entzun

Inoiz bezalako euri jasa batek izugarrizko uholdeak eragin ditu Ameriketako Estatu Batuetako Tennessee estatuan. Urak txikizio izugarriak eragin zituen larunbatean, eta, erreskate zerbitzuen arabera, jada 22 hildako baieztatu dituzte, eta beste 45 lagun desagertuta daude. Haien bila dabiltza oraindik, eta laguntza eskatu diete herritarrei.

Larunbatean bertan urak errepideak hartu zituen, eta, besteak beste, telefono antenak ere suntsitu zituen; inkomunikatuta geratu zen estatuaren zati bat. AEBetako meteorologia agentziak baieztatu duenez, Tennesseen egun bakarrean inoiz erregistratu den euri jasarik handiena izan zen larunbatekoa.

Joe Biden presidenteak doluminak bidali dizkie «ezusteko uholde horren» biktimei, sare sozialen bidez: «Babesa eskaintzeko prest gaude. Jada hitz egin dut Tennesseeko agintariekin, eta haien eskura jarri ditut AEBtako gobernuaren baliabideak», azaldu du.

Egun bakarrean izugarrizko suntsiketak eragin dituzte uholdeek; izan ere, iganderako ura bere bidera itzuli zen jada.

AEBen ekialdea, mehatxupean

Tennessee ez da uholdeak jasaten ari den AEBetako estatu bakarra. Henri hurakana herrialdearen ipar ekialdeari erasaten ari zaio, eta 35 milioi pertsona daude alertapean. Abisua lehenago jaso zuten, egunak zeramatzaten zetorrenerako prestatzen, eta hala eragotzi ahal izan dituzte kalte handiagoak.

Atzo heldu zen urakan hori AEBetara ekaitz tropikal forman: zehazki, Rhode Islandera, New Yorketik gertu, eta 100.000 lagun inguru utzi ditu argindarrik gabe. Adituek aurreikusi dute ekaitzak indarra galduko duela herrialdearen barrura egin ahala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.