Jendetza elkartu da gaur Krimeako Errepublika Autonomoaren Parlamentuaren aitzinean, Simferopol hirian. Errusiazaleek kate bat osatu dute ganbera babesteko, eta Kieveko agintari berrien aldeko taldeek eraikinera sartu nahi izan dutenean liskarrak piztu dira. Russia Today katearen arabera, tartariar musulman komunitateko kideak dira Kieveko agintarien alde elkartu direnak, eta errusiar etniakoak, berriz, aurka elkartu direnak. Parlamentuko bozeramaile Vladimir Konstantinoven arabera, ez dute eztabaidatuko Krimearen "sezesioa". "Hori probokazio bat da Errepublika Autonomoaren Kontseilu Gorenaren sinesgarritasunari kalte egin eta zilegitasuna kentzeko".
Errusiar etniakoak herritarren gehiengoa diren eskualde bakarra da Krimea —%60 inguru dira—. Viktor Janukovitx boteretik kendu berri duten presidentearen Eskualdeen Alderdiak gehiengo osoa dauka parlamentuan, eta Ukrainako Alderdi Komunista da bigarren indarra. XVIII. mendetik gehienbat Errusiari lotuta egon da penintsula, baina 1950eko hamarkadan Sobietar Batasuneko agintariek Ukrainari lotu zioten.
Kieven, berriz, gobernu berria zeinek osatuko duten aukeratzekoak dira gaur Independentziaren plazan.