Istiluen pizgarri eta Gazako setioaren aurrekari izan zen duela bi hilabete arabiarren aurka Jerusalemen egindako martxa bat. Haren antza handia izanagatik, Israelgo gobernu berriak baimena eman zion atzo gaur egitekoa diren beste mobilizazio sionista bati —maiatzaren 10ean egitekoak ziren, baina atzeratu egin zuten, Gazako erasoaldi betean—.
Banderen Martxa izeneko mobilizazioa Jerusalemgo Hiri Zaharrerako pasabide nagusia den Damaskoko Atetik abiatuko da 17:30ean —Euskal Herriko 16:30ean—, auzo arabiarra zeharkatuz, Erosten Harresira iristeko asmoz. Dagoeneko lehen istiluak hasita daude ordea. Israelgo Poliziak 2.000 agente mobilizatu ditu manifestazioa babesteko, eta Damaskoko Atearen ingurua hustu dute, manifestariak bertara iritsi aurretik. Inguruko dendariak ere behartu dituzte euren establezimenduak ixtera. Auzo arabiarrekoei gerturatzea galarazi die Poliziak, eta oldartu egin zaie inguruan zeuden palestinarrei. Horietako bat bost agenteren artean kolpatu, eta eraman egin dute. Antzeko irudi gehiago ere zabaldu ziren; hala nola Polizia atzetik zutela hainbat gazte ihesean erakusten dituztenak.
שער ש×›×ÂÂÂÂÂÂ,5 שוטר×™×ÂÂÂÂÂÂ!! ×ÂÂÂœמה?👇 pic.twitter.com/vfxkuXtgLa
— Real News IL (@RealNewsIL) June 15, 2021
Gazara ere heldu da Jerusalemgo martxaren oihartzuna, artean hasi gabe zela. Palestinarrek suzko globoak bidali dituzte mugaren beste aldetik, eta suteak eragin dituzte. Horrez gain, dozenaka manifestari hurbildu dira Israelen mugara, eta Israelgo segurtasun indarrek haien aurka egin dute. Palestinar bat zauritu egin dute, hankan tiro bat jota.
Atzo, Hamasek iragarri zuen bere militanteek suzko globoak jaurtikiko zituztela, Jerusalemgo martxaren testuinguruan. Tel Avivek, berriz, palestinarrei abisatu die Gazako mugaren bestaldetik egindako erasoei erantzungo diela. Israelgo Armada hasia da prestatzen balizko gorakada baterako. Zenbait iturriren arabera, misilen aurkako Israelen defentsa sistema prestatzen ibili zen armada atzo.
Izan ere, gaur Jerusalemen gertatuko denak soka ekar dezakeela uste dute alde guztiek. NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbileko ordezkari Tor Wenneslandek ohartarazi du "tentsioa handitzen" ari dela Jerusalemen, eta hori gertatzen ari dela «politikoki eta segurtasunaren ikuspuntutik oso hauskorra» den momentu batean, eta «NBE eta Egipto su-etenarekin aktiboki engaiatuta» dauden bitartean.