Nakba eguna dute gaur palestinarrek, duela 70 urte Israel sortu zenean etxetik ihes egin behar izan zuten beste milaka herritar gogoratzekoa. Ordea, beste sarraski batek ordezkatuko du ordukoa askoren oroimenean. Izan ere, Hamasek deitutako protesten aurka egiteko argudioarekin 61 palestinar hil zituen atzo Israelgo armadak, horietako asko negar gasa jaurtita, tartean zortzi hilabeteko haur bat. Zaurituak, berriz, 2.700dik gora dira, mila inguru balen eraginez, eta horietatik 200 inguru adingabeak.
Segurtasun indarrek "legearen barnean" jokatu dutela adierazi du Ayelet Shaked Justizia ministro israeldarrak, eta gaineratu ez duela Nazioarteko Zigor Auzitegiak edo Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak esan dezaketenaren beldurrik: "Ondo eta protokoloak betez jokatu dute". Gainera, hildakoetako 24, gutxienez, "terroristak" zirela dio.
Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek, berriz, hiru eguneko dolualdia ezarri du, eta greba orokorra antolatu du gaurko, hilketak salatzeko. Ondorioz, merkataritza guneak eta eskolak itxita daude gaur Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemgo ekialdean. Mobilizazioak ere hasi dira, eta muga inguruan sortu dira manifestarien eta Israelgo armadaren arteko enfrentamenduak.
Goizean izan dira aurreneko liskarrak, eta palestinar bat hil dute gutxienez. Gazako al-Bureij errefuxiatu kanpamenduan, Israelgo mugatik gertu, armadak 51 urteko gizon bat hil du, tiroz, eta beste dozenaka zauritu. Ez da, ordea, liskar bakarra izan. Hebronen, esate baterako, hiletan zirenen eta Isralego armadaren artean aurrez aurrekoak izan dira, hainbat iturriren arabera. Armadak gomazko balak erabili ditu, eta baita bala errealak eta gas poteak ere. Dozenaka zauritu daude, bi bala errealekin eginiko tiroz. Zisjordaniako eta Gazako hiri ugaritan ere antzeko istiluak izan dira.
Nazioartean kezka
Atzoko hilketek kezka eragin dute nazioartean. Larrialdiko bilerara deitua du gaurko NBEren Segurtasun Kontseiluak, eta Kuwaitek proposatua zuen kontseiluak inar zezala atzoko hilketak ikertzeko eskaera. Ordea, AEBek beto eskubidea baliatu dute ikerketa bertan behera uzteko.
NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariak Israelen erasoa gaitzetsi du. Adierazi duenez, "agerikoa dirudi" Israelek "bereizi gabe" hil dituela palestinarrak. "Badirudi, hesira 700 metrotara hurbiltzen den edonor izan daitekeela erahila edo zauritua; emakumeak, haurrak, kazetariak edo larrialdi zerbitzuak".
Turkiak gogor hitz egin zuen atzo Israelen kontra, eta gaur, herrialdetik bota du hango enbaxadorea. Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Miristoari ez zaio hori gustatu, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari esan dio bera ez dagoela lekzioak emateko moduan, Hamasen laguna delako.
Erresuma Batuak salatu du "beldurgarria" izan zela atzokoa, eta esan dio "neurtzeko" bere erasoa. Alemaniak eta biek, atzoko hilketak ikertzeko eskatu dute.
Euskal Herrian hainbat elkarretaratze egin dituzte gaur, Israelen jarrera salatzeko.
Orain Bilbon #PalestinaAskatu oihuak. Ehundaka pertsona hurbildu dira Bilboko elkarretaratzera #GreatReturnMarch#Nakba70pic.twitter.com/O6QtjV6HAq
— K Internazionalistak (@Komiteak) 2018(e)ko maiatzaren 15(a)
#Nakba70 | Sarraskia Gazan, Palestinarekin elkartasuna Gasteizen: https://t.co/y1yz2CBWf3 | @halabedi bidez
— Igarki de Robles (@igarkirobles) 2018(e)ko maiatzaren 15(a)
Argazkiak: @HalaKlikpic.twitter.com/tTjdBtCjvb