'Schiavo auzia'

Terri Schiavo hil da

Terri Schiavo duela 15 urtetik hiletsita zegoen emakume estatubatuarrak 14 egun zeramatzan bizirik mantentzen zuen makinatik deskonektatuta, eta gaur hil da. Haren gurasoek aurkeztutako beste helegite bat atzera bota du gaur bertan AEBetako Auzitegi Gorenak. Helegite horren bidez alabari berriro ere elikatzeko zunda jartzeko galdegiten zuten aita-amek, baina epaileek ez dute eskaera onartu. Gorenak aste honetan atzera bota duen Schiavoren gurasoen bigarren helegitea da.

2005eko martxoaren 31
17:13
Entzun
Martxoaren 18an Schiavo bizirik iraunarazten zuten makinetatik askatzeko agindu zuen Floridako epaile batek, haren senarrak egindako eskaera aintzat hartuz. Senarraren arabera, Schiavok bere onean zela behin baino gehiagotan agertu zuen ez lukeela nahi landare bat bezala bizi, hots, infartu baten ondorioz duela 15 urtetik dagoen egoeran. Senarraren eskaerari arrazoia eman, eta hiletsitako emakumeari elikatzen zuen zunda kentzeko agindu zuen epaileak. Egoera horretan, gehienez ere, bi aste iraungo zuela bizirik iragarri zuten medikuek, eta gaur hil da.

Schiavoren gurasoek egin ahala handiak egin dituzte egun hauetan alabari berriro zunda jartzea lortzeko eta heriotza eragozteko. Hainbat epaitegitara jo dute, baina, guztietan galtzaile atera dira. Aste honetan, AEBetako Auzitegi Gorenak bi aldiz bota du atzera berriro ere Shiavo zundara lotzeko gurasoen eskaera.

Nolanahi ere, auzibideak luze jo du. Duela 7 urte hasi zuen senarrak Schiavo makinetatik aska zezatela galdeginez, eta denbora horretan guztian buruz buruko borroka judizialean ibili dira gizona eta aita-amak.

Martxoaren 18an Floridako epaileak zundatik askatzeko agindua eman zuenean, gainera, AEBetako erakunde politiko nagusiak nahastu ziren auzian: Kongresuak eta Senatuak ez ohiko batzarrak egin zituzten Schiavoren heriotza eragoz zezakeen lege berezia onartzeko, eta George Bush presidenteak oporrak eten zituen lege hori sinatzeko.

Hala ere, botere judizialak beren segitu du, eta uko egin dio berriro ere zundara lotzeko agindua emateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.