Armak eta lehergailuak zeramatzan gizon batek autobus bat bahitu zuen atzo Ukrainako Lutsk hirian. Hamabi orduko negoziazioen ostean, Poliziak gau aldera jakinarazi zuen ibilgailuan zeuden hamahiru pertsonak hortik ateratzea lortu zutela, eta ez zela inor zauritu. Anton Heraxtxenko Ukrainako Barne ministroaren arabera, bahitzailea espetxean dago, eta "terrorismoa, bahiketa, eta armak, granadak eta lehergailuak legez kanpo edukitzea" leporatu diote. Horrez gain, Jarkov hiriko herritar bat ere atxilotu dute, bahiketa prestatzen laguntzea egotzita.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azaldu zuenez, 09:25ean izan zen bahiketa. Ordu horretan jaso du Poliziak bahitzailearen telefono deia. Erasotzaileak Lutsk hiriko erdigunean bahitu zuen autobusa, eta hiriko Antzokiaren plazan egon zen gotortuta, ibilgailuko gortinak botata.
Ucriform albiste agentziak adierazi zuen erasotzaileak bideo bat zabaldu duela sare sozialen bidez. Bideo horretan agintariak kritikatu zituen, eta herritarrei eskatu zien «sisteman» konfiantzarik ez izateko. Horrez gain, «legezko terroristak» direla aitortzeko eskatu zien herrialdeko 24 goi agintariri. «Nire heriotza ez da leherketetarako oztopoa izango. 24 ahoren egiak ehunka bizitza salba ditzake. Antisistema egun zoriontsua izan dezazuela. Ez zaitezte engainatu. Ospatu egia», adierazi zuen sare sozialetan zabaldutako mezuetako batean.
Erasotzaileak ohartarazi zuen lehergailu bat ezarri zuela hiriko beste leku «jendetsu» batean ere, eta hura zartarazi dezakeela urrunetik. Tokiko hedabideen arabera, hainbat lekukotzak adierazi zuten tiroak entzun zirela Antzokiaren plaza inguruan, baina ez dago zaurituren edo hildakoren berririk.
Erasotzailea Maksim Krivox da, 45 urteko gizonezko bat. Heraxtxenkoren esanetan, hamar urte inguru egin zituen espetxean, lapurretagatik eta legez kanpoko armak izateagatik, besteak beste. Ministroak behean ageri den argazkia erakutsi zuen, susmagarria identifikatzeko.
Barne ministroak aurretik esan zuen erasotzaileak Maxim Plokhoi izenarekin aurkeztu diola bere burua Poliziari, telefonoz deitu dionean. Izen bereko Twitter kontu batean zabaldu zuen ministroak zabaldu duen argazkia bera.
Lutskek 220.000 biztanle inguru ditu, eta Ukrainaren ipar-mendebaldean dago, Poloniarekin eta Bielorrusiarekin duen hiruko mugaren puntutik 60 kilometro ingurura.