'Terrorismoaren' aurkako borroka amaitzekotan dira Txetxenian

Errusiaren aldeko presidenteak dio hil honetan amaituko dutela 1999an hasitako gerrillaren aurkako operazioa

2009ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Vladimir Putinek aitzakia behar zuen Errusiako armada Txetxeniara bidaltzeko. «Moskuren helburua terrorismoa amaitzea da», ebatzi zuen duela hamar urte, lehen ministro karguan zela. Hala hasi zuen Txetxeniako bigarren gerra, eta amaitu, Putin presidente zela amaitu zen. «Gerra bukatu da», jakinarazi zuen horrek, 2001ean. Armada Txetxeniatik ateratzeko arrazoia beharko luke izan horrek, baina Kremlinek «terrorismoaren aurkako borroka» berretsi zuen. Eta ordutik, iturri ofizialek gerrillari independentistak garaituak zituztelaerakusteko ahaleginak egiten badituzte ere, luze jo du 1999an abiatutako operazioak. Hamar urtez aritu dira «terroristen» aurka, ahalik eta atzo, Errusiaren aldeko presidente txetxeniarrak operazioa bere azkenetandela jakinarazi zuen arte: Ramzan Kadirovek hil honen amaieran ekintza militarrak bertan behera uzteko dokumentua sinatuko duela agindu du, izan ere.

«Praktikan aspaldi bukatu genuen terroristen aurkako borroka, hala ere, indarrean dago oraindik haien aurkako operazioa. Horregatik, hil honen amaieran bertan behera uzteko dokumentua sinatuko dugu», azaldu du Kadirovek, Moskuren babesa duen presidenteak. Iragan ostiralean Vladimir Putinekin bildu zen hori. Txetxeniako egoeraren berri eman behar zion egun Errusiako lehen ministro denari; bide batez, operazioa bertan behera uzteko haren argibideak jasoko zituen, segur aski.

Errefuxiatuak bueltan

Txetxeniako panorama ez da lehengoa. Hala adierazi dio, behintzat, Ramzan Kadirovek Moskuri. Are gehiago, gerrilla garaituta dagoenez, «herrialdeko eskualde lasaienetarikoa da». Horregatik, han ikasitakoa beste herrialdeekin banatzeko prest agertu da. «Terroristei eta talde armatuei kolpe gogorra eman diegu, 50 eta 70 lagun inguru daude egun gerrilla islamikoan». Kadiroven arabera, horietatik bakan batzuk baino ez dira txetxeniarrak.

Alabaina, Txetxeniaren eta Errusiaren arteko gatazkak historia luzea du atzean. 1991n independentzia aldarrikatu izanagatik Moskuk han hasitako kanpaina militarrek jota utzi dute herrialdea. Independentzia aldarrikapenetik bi gerra izan dira: 1994tik 1997rakoa lehenengoa, eta 1999tik 2001era bigarrena.

Nazioarteak maiz hartu dio kargu Errusiari, Txetxenian giza hondamendia eragitea leporatuz. Ehunka lagunek ihes egin dute, segurtasun indarrek jazartuko zituzten beldur. Eta dozenaka lagun atxilotu eta torturatu dituzte. Hala ere, Txetxenia eta agintari txetxeniarrak ez direla lehengoak erakutsi nahian dabil Kadirov; horregatik, errefuxiatuei jaioterrira itzultzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.