AMNESTY INTERNATIONALEN TXOSTENA. JOSHUA RUBENSTEIN

«Terrorismoaren kontzeptuaz baliatzen dira nahi dutena egiteko»

arantxa elizegi egilegor
2005eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako ipar-ekialdeko Amnesty Internationaleko zuzendaria da Joshua Rubenstein 1975az geroztik. Giza eskubideen urraketari buruzko liburu ugari idatzi ditu. Besteak beste, Ilya Ehrenburg idazle eta kazetari sobietarraren biografia: Ilya Ehrenburgen Bizitza eta Garaia. Tratu txarren eta torturen inguruan nazioartea permisiboagoa bilakatu dela uste du Rubensteinek.

AIk gogor kritikatu du AEBetako Gobernuaren politika eta baita presoekiko duen jarrera ere. Zergatik?

Washingtonek mundu osoan dituen kartzelatan jendea denbora luzez edukitzen dute preso haren aurkako kargurik aurkeztu edo akusatua epaitu aurretik. Guantanamon, Abu Graiben eta Afganistanen dituzten kartzeletan presoei tratu txarrak eragiten dizkiete. Torturatu egiten dituzte. Irailaren 11ko erasoen ostean, torturak justifikatzen zituen txosten bat onartu zuten ziren Etxe Zuriak eta Pentagonoak. Hark tratu txarrak galdeketarako teknika gisa deskribatzen zuen. Washington tortura legeztatzeko bide baten bila zebilen. Hori eredu beldurgarria da nazioartearentzat.

Washingtonen arabera, ordea, beraiek beti bermatu izan dituzte giza eskubideak eta, orain gutxi arte, ez zuten ezer jakin torturen inguruan.

Hori ez da egia. Pentagonoak eta Etxe Zuriak idatzitako txostenaren eta Geoffrey Millerren buruzagien edo AEBetako zenbait soldaduk Iraken izan duten jarreraren arteko lotura argia da. Horiek ez dira kasu bakanak, elkarren artean lotuta daude.

Hori horren argi badago, zergatik ez du nazioarteak Washington zigortzen?

Hori da arazoa. Torturekin lotura izateagatik auzipetu dituzten bakarrak soldaduak dira. Defentsa idazkari Donald Rumsfeld edo AEBetako fiskal nagusi Alberto Gonzales bezalako goi mailako ofizialak ez dituzte ikertu. Horregatik, Rumsfeldek eta Gonzalesek Abu Graibeko eta beste lekuetako tortura kasuetan izan duten erantzukizuna ezagutu nahi dugu. Nazioarteak haiek auzipetzeko eskubidea du. Giza eskubideen aurkako krimenen inguruko azalpenak eman behar dituzte.

Tratu txarren eta torturen inguruko auzian nazioartea permisiboagoa bilakatzen ari ote da?

Bai. George Bush presidenteak jendaurreko hitzaldietan Washingtonek ez duela tratu txarrik baimentzen esan arren, Iraken edo Afganistango presoak torturatzen dituzten frogak daude. AEBetako Gobernuak ez du egoera salatu nahi, badirudi isilik egoteko hitza eman duela. Kongresuak, berriz, ez du inolako ikerketarik bultzatu nahi eta ez du duen informazioa zabaldu egin nahi.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ere kritika gogorrak jaso ditu azkenaldian. Bere kargu dauden herriak ez babestea leporatzen dio AIk.

NBEko Giza Eskubideen Batzordearen aurka asko hitz egin da. Giza eskubideak bermatzen ez dituen gobernu baten menpe bizi diren herritarrei laguntzea eta herrialde horien egoera hobetzea da batzorde horren lana. Baina era berean, giza eskubideak urratzen dituzten horietako asko batzordeko kide dira, eta horrek haren sinesgarritasuna mugatzen du. Kide horiek batzordea presionatzen dute, hark euren kasuak iker ez ditzan. Hori onartezina da. Horregatik, NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek aurkeztutako erreforma sorta bultzatzearen alde gaude. Era horretan bakarrik berreskuratuko du sinesgarritasuna Giza Eskubideen Batzordeak.

Nola alda dezake egoera nazioarteak?

Giza eskubideak bermatzeko sinatutako itunak betearazi behar ditu nazioarteak eta horretarako dituen baliabide guztiak martxan jarri behar ditu lehen bai lehen. Delituak zigortzea ez da NBEko Segurtasun Kontseilua edo Giza Eskubideen Batzordea bezalako erakundeen lana soilik, herrialde bakoitzak bere erantzukizunak onartu eta egindako akatsak zuzendu behar ditu.

AIko buru Irene Khanen arabera, iaz Sudan izan zen alor honetan arazo gehien izan zituen herrialdea.

Kasu honetan bi gauza hartu behar ditugu kontuan: iparraldea eta hegoaldearen arteko gatazka lehenik eta Darfurkoa bigarrenik. Lehenak milioika biktima eta errefuxiatu eragin ditu. Sudan mendebaldean, berriz, Janjauid gerrillaren eta Armadaren arteko gatazkaren eraginez, milioika lagunek Darfurtik Txadeko errefuxiatu guneetara egin behar izan zuten ihes. Horretaz gain, 100.000 lagun inguru hil dituztela uste dugu. Genozidioa egiten ari direla diote AEBek. Hori egia bada, nazioarteak esku hartu behar du, gatazka amaitu eta herritarrak babesteko.

Badira, bestalde, komunikabideetan asko agertzen ez diren eta indarrean dauden gatazkak. Haitikoa, Kongokoa edo Txetxeniakoa esaterako.

Horietan ere, arazoak konpondu baino, okertu egin dira. Txetxenian gerran daude oraindik. Erresuma Batuko Gobernua Putin presionatzen ari da negoziatzen has dadin. Ehunka emakume bortxatu dituzte, desagertzeak eguneroko kontua dira eta tortura maiz erabiltzen dute galdeketetan. Kongori dagokionez, berriz, milioi bat biktima ingururen berri izan dugu. Hildakoak, errefuxiatuak, zaurituak, oihanean bizitzera behartutako herritarrak. Egoera beldurgarria da. NBEk kasko urdinak bidali zituen, baina ezin dute gauza handirik egin. Haitin egoera ez da hobea. Herrialde horretan ere giza eskubideen urraketak egunerokoak dira.

Zergatik ez du nazioarteak ezer egin?

Kongo urrutiko herrialde bat da eta han ez dago petroliorik. Estatu Batuek Iraken esku hartu zuten, baita Somalian ere, Bill Clinton agintean zegoen garaian, nahiz eta azken horretan arazoa ez den oraindik konpondu. Aldiz, nazioarteak ez zuen esku hartu ez Ruandan, genozidioa geldiarazteko, ezta Kongoko gatazkan ere, interes ekonomikorik ez zuelako. Hala ere, NBEk bidali zituen kasko urdinak horietara eta hori txalotu beharrekoa da.

Terrorismoaren aurkako borroka deiturikoa ere gaur gaurko kontua da. Horrek zer eragin izan du giza eskubideen auzian?

Tamalez, gerra horrek okerragotu egin du giza eskubideen egoera, horienganako errespetua murriztu duelako. AEBak izan ziren gerra hori bultzatzen lehenak. Baina geroztik, beste hainbat herrialde kontzeptu horretaz baliatu dira nahi duten guztia egiteko. Zimbawe da horren adibide. Robert Mugabek bere aurkariak atxilotzen ditu aitzakia horrekin, horiek edozein direla ere. Txinak ere gauza bera egiten du. Gobernua kritikatzen duten hainbat web orrialde itxi ditu Pekinek, terrorismoa leporatuta. Begira Errusiako Vladimir Putin presidentea Txetxenian egiten ari dena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.