Thailandiako Gobernuak Bangkok hiriburuan salbuespen egoera ezarri zuen asteartean, exekutiboaren kontrako protestak gertatzen ari direlako, eta gobernuak berak krisi politikoari konponbidea eman ahal izateko asmoz herritarren artean erreferenduma egitea erabaki du.
Samak Sundaravej lehen ministroak eta bere exekutiboak gaur egindako bileran hartu dute aipatutako neurria. "Hori da irtenbiderik onena", adierazi du Somsak Ketsuranond Kultura ministroak. Hala ere, ez du galdeketaz xehetasunik eman.
Gobernuak ez du Parlamentua desegingo, Kultura ministroak esan duenez, ez ditu hauteskundeak deituko, eta exekutiboak karguan segituko du, "demokrazia babesteko". Tej Bunnag Kanpo Harremanetarako ministroak, baina, dimisioa eman du, "arrazoi pertsonalengatik".
2007ko abenduan izan ziren azken hauteskundeak Thailandian, eta Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiaren aldekoek irabazi zuten eta gobernu aldaketa egon zen -hain justu, 2006an Shinawatra kargutik kendu zuten kolpe baten ondorioz-. Aurtengo maiatzean Demokraziarako Herriaren Aliantzak kalean gobernuaren aurkako protestak hasi zituen; ustelkeri kasuetan sartuta egotea eta Koroaren aurkakoa izatea egozten diote. Erregeari trantsizioko exekutiboa jartzeko eskatzen diote. Protesta egileek euren esku dute abuztuaren 26tik gobernuak Bangoken daukan egoitza.
Armadako general Anupong Paochindak elkarrizketaren alde egin du. 2006ko altxamenduan, aldiz, parte hartu zuen.
Mundua
Thailandiako Gobernuak erreferenduma deitu du krisi politikoa konpontzeko asmoz
Asteartean salbuespen egoera ezarri zuen Bangkok hiriburuan, exekutiboaren aurkako protestak direla-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu