Thailandiako Gobernuak soilik protestak eteten direnean negoziatuko du

Alkandora gorridunek okupatzen duten eremutik alde egin dezaten ezarri dute baldintza gisa agintariek negoziatzeko. Oposizioko 5.000 kideek protestari eutsi diete agintarien ultimatumari muzin eginez

2010eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Thailandiako Gobernua ez dago oposizioarekin hitz egiteko prest, horrek protestak eteten ez baditu, behinik behin. Bangkok hiriburuan okupatzen duten eremutik alde egin dezaten ezarri dute baldintza gisa agintariek alkandora gorridunekin negoziatzeko. Senatuak bitartekaritza lanak egiteko oposizioak eginiko eskaintza ere baztertu du Gobernuak. Abhisit Vejjajiva lehen ministroak, beraz, irmo eusten dio bere jarrerari. Oposizioak negoziazioak bideratzeko ahaleginak egin arren, horrek baztertu egin ditu orain artean elkarrizketak abiatzeko saio guztiak. Gobernuak berretsi du, haiekin hitz egiteko, protesta egileek alde egin behar dutela hiriburuaren erdialdean apirilaren hasieratik okupatzen duten gunetik.

Sathit Wonghnongtaey ministroak eman du baldintzen berri:«Egoerak hobera egingo du, eta hitz egiteari berriro ekin ahal izango diegu, manifestariak etxeratu orduko». Abhisit lehen ministroaren albokoa da ministro hori, eta elkarrizketarako prest daudela zehaztu du, halaere: «Lehen ministroa bat dator negoziazioak egitearekin, baina gogorarazi behar da bi aldiz behintzat porrot egin dutela, atzerritik egondako esku-sartzeen kausaz». Hitz horien bidez, Thaksin Shinawatra lehen ministro ohiari argiki egiten zion erreferentzia Sathitek. Izan ere, haren jarraitzaileak dira alkandora gorridunak, Abhisiten gobernua boteretik kentzeko asmoz iragan martxoaz geroztik kale protestei ekin dietenak, alkandora gorridunak.

Odol isuria

Abhisiten gobernuaren manupeko segurtasun indarren eta protesta egileen artean izandako borroken ondorioz jada 67 lagun hil eta 1.700 inguru zauritu dira bi hilabeteotan. Abhisiten aginteak hilaren 13an eten zituen elkarrizketak alkandora gorridunen buruekin, «gehiegizko exijentziak» egiten ari zirela argudiatuta. Ondoren, manifestariek hartuta duten eremua inguratu zuen armadak, eta manifestariak handik haizatzeko ahaleginei ekin zien. Horrek borroka gogorrak eragin zituen; egunotan 38 lagun hil eta ehunka zauritu dira, soldaduen tiroen ondorioz.

Odol isuria geldiarazteko asmoz, Senatuko presidente Prasobsuk Boondejek bere burua proposatu du protesta egileen eta gobernuaren artean bitartekaritza lanak egiteko -planteamendua 150 senatarietatik 64k sustatu dute-. Alkandora gorridunen buruek ontzat hartu dute eskaintza hori, tartean Nattawut Saikuarek. Oposizioko kide horren hitzetan, «gauzak okertzen» utziz gero, «auskalo zenbat bizi galduko diren oraindik».Gobernuko kide bati telefonoz deitu zion atzo buruzagi horrek, armadak setioa bertan behera utz dezan eta bertaratu nahi direnei hori egiten laga diezaien eskatzeko.

Eskaera horri, baina, gogor erantzun dio Gobernuak. Suthep Thaugsuban lehen ministrordeak «zentzurik gabekoa» iritzi dio proposamenari. Armadak, hala ere, ez duela zibil errugabeen kontra tiro egin jakinarazi du agintari horek. Hori gertatu dela berretsi dute, haatik, iragan aste amaierako istilu larrien lekuko izandako kazetariek. Amnesty International giza eskubideen defentsarako erakundeak ere «inolako mehatxurik egiten ez zuten manifestariei benetako balekin tiro egiteaz» akusatu ditu soldaduak.

Senatuak eginiko bitartekaritza eskaintza arbuiatzeaz gain, beraz, agintariek berretsi dute alkandora gorridunak gotortuta dauden eremutik haizatzeko asmoari eutsiko diotela. Panitan Wattanayagornek eledunak zehaztu du operazioek jarraituko dutela: «Hiritarrek pazientzia beharko dute, ebakuatze operazioek denbora apur bat hartuko baitute». Gobernuko bozeramailearen esanetan, bai agintariek eta bai segurtasun indarrek ahalegin guztiak egingo dituzte indarkeria pitz ez dadin eta biktima gehiago izan ez dadin.

Poliziak, anartean, iragarri du alkandora gorridunen bost goi arduradun atxilotuko dituela, gotortuta dauden eremutik irtetean edo segurtasun indarrek horren kontrola hartzen dutenean. Atzo, aldiz, 14 urteko gazte bat atxilotu zuten, auzo horretako egoitza batzuetan suteak piztea leporatuta. Gaztetxoak, baina, azken egunotako krisi politikoarekin zerikusirik ez duela zehaztu dute poliziek, nerabea lehendabizi alkandora gorridunek beraiek harrapatu zutela nabarmenduta.

Borrokak baretuz

Tentsioa bere horretan bada ere, badirudi borrokak arindu egin direla azken orduetan. Iragan astearen amaieran izandako borrokekin alderatuta, egoera apur bat baretu da. Tarteka, hala ere, borrokak izan ziren; manifestari batzuek poliziei eta soldaduei harriak eta molotov koktelak jaurti zizkieten eta segurtasun indarrek benetako balekin tiro egindaerantzun zuten. Sansern Kaewkamnerd armadako eledunarenarabera, manifestari batzuk «terrorista gisa» jokatzen ari dira,eta salatu dute soldaduz jantzita egoitza batzuetatik kalean daudenei tiro egiten ari direla. Horri herenegun erreparatu ziotela ziurtatu du Sansernek: «Gero esaten dute soldaduak direla manifestariei tiro egiten dietenak».

Apirilaren 3az geroztik hiriburuaren erdialdeko kanpalekutik alde egiteko agintariek ezarritako ultimatuma, berriz, herenegun goizean amaitu zen. Poliziak emandako datuen arabera, 2.000 lagunetik gora jarraitzen dute han, eta segurtasun indarrek oraindik kontrolatzen ez dituzten inguruko kale eta plazetan daudenak zenbatuta, berriz, 5.000 alkandora gorridun inguruk desafio egiten diote oraindik Abhisiti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.