Hilabeteak daramatzate Thailandiako elastiko horiek gobernuaren kontra protestan, baina Suthep Thaugsubanek gidadutako mugimendu horrek lortu ez duena Auzitegi Konstituzionalak egin du: dimisioa ematera behartu dute Yingluck Shinawatra lehen ministroa. Shinawatrak Thailandiako Konstituzioa urratu duela ebatzi dute magistratuek, Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko idazkari nagusi Thawil Pliensri 2011n kargutik kendu eta haren ordez senide bat jarri zuelako, lehen ministro kargua hartu berritan.
Garai hartan gobernuan ziren bederatzi ministro ere —tartean Finatza eta Atzerri sailetakoak— kargua uztera behartu ditu Auzitegi Konstituzionalak. Gainerako ministroen esku geratuko da uztailaren 20ko hauteskundeak antolatzea. Shinawatrak berak —karguan jardunean zegoelarik— eta Thailandiako Hauteskunde Batzordeak hitzartu zuten hauteskundeen eguna, iazko bozketa baliogabe geratu ondoren; oposizioaren boikotagatik, izan ere, botoa ezin izan zen eman herrialde osoan.
Shinawatra agintekeriagatik kargua uztera behartu duen auzia baino korapilotsuago bat, dena den, Ustelkeriaren Aurkako Batzordeak ostegunean bertan abiatuko duena da. Yingluck Shinawatrari arroz ekoizleentzako diru-laguntza programa polemikoan dirua modu bidegabean banatzea leporatzen diote. Helegiteak aurrera egingo balu Senatuan, bost urteko inhabilitazioa ezarriko liokete 2011tik Thailandiako gobernuburu izan denari.