THAILANDIA

Thailandiako Parlamentuak bigarrenez eman dio ezezkoa Pita lehen ministro izendatzeari

Ordezkarien Ganberak eta Senatuak berriz esan diote ezetz Mugitu Aurrera alderdiko buruari. Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean hautagai sozialdemokratari, ustez hauteskunde legea urratzeagatik. Hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.

Thailandiako lehen ministrorako hautagai Pita Limjaroenrat —erdian—, bere alderdikideek inguratuta, gaur, parlamentuan, Bangkoken. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 19a
12:19
Entzun

Thailandiako Parlamentuak aurreko ostiralean egin zuen Pita Limjaroenrat lehen ministro izendatzeko lehen bozketa, haren Mugitu Aurrera alderdiak maiatzaren 14ko hauteskundeak irabazi ondotik. Bi ganberen artean —Senatua eta Ordezkarien Ganbera— 376 diputaturen babesa behar zuen alderdi sozialdemokratako buruak, baina 53 botora geratu zen lehen ministro izateko. Gaur egin dute bigarren bozketa, eta parlamentuak bigarrenez ezezkoa eman dio Pitaren izendapenari, 394 parlamentarik aurka bozkatu dute; 312k, alde; eta zortzik abstentzioa eman dute.

Parlamentuak erabaki hori hartu aurretik, hain zuzen, Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak diputatu akta kendu dio behin-behinean Pitari, hauteskunde batzordeak haren aurka aurkeztutako salaketa bat tramiterako onartzea erabaki ondoren; parlamentuko hautagai gisa erregistratzeko baldintzak ez betetzea egozten zion, eta horiek urratzen zituela jakinda ere aurkeztea. Hala, Mugitu Aurrera alderdiko buruak parlamentua utzi behar izan du, txalo artean. Epaiaren arabera, hautagai sozialdemokratak hamabost eguneko epea du helegitea aurkezteko.

Parlamentuak gaur zuen Pitaren hautagaitza bozkatzeko garaia, eta, zazpi orduz eztabaidan aritu ostean, legegileek bertan behera utzi dute haren izendapena. «Thailandia ez da berdina maiatzaren 14az geroztik. Bide erdia egin dugu herriak irabazi zuenetik, eta beste erdia geratzen zaigu egiteko. Nire eginbeharra bete ezin izan dudan arren, herritarrak zaintzen jarraitzeko eskatzen diet nire kideei», adierazi du politikariak, epailearen aginduari men egitean eserlekua utzi aurretik. Halere, Pita lehen ministro izendatu ahal zuten Senatuak eta Ordezkarien Ganberak, Thailandiako legeen arabera, agintariak ez duelako parlamentuko kide izateko betebeharrik. Ebazpenaren ostean heldu da parlamentuaren ezezkoa.

Hauteskunde batzordeak Pitaren aurka egindako salaketak 2006an du jatorria: 42 urteko enpresariak ITV telebista kateko akzioen %0,0035 jaso zituen oinordetzan —2007an itxi zuten telebista kate hori—. Hauteskundeen legeak, ordea, debekatu egiten du hautagaiek komunikazio enpresa batean akzioak izatea. Auzitegiak Pita erruduntzat jotzen badu, hamar urterainoko espetxe zigorra eta hogei urteko inhabilitazio politikoa ezar diezaiokete hautagaiari. Mugitu Aurrera-ko liderrak, ordea, ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak, eta esan du oposizioko alderdiak monarkia «aitzakia» gisa erabiltzen ari direla bere hautagaitza blokeatzeko, «galtzeko beldur» baitira Mugitu Aurrera buru duen gobernuaren aurrean.

Militarrek 2014ko estatu kolpearen ondoren idatziz jasotako arau parlamentarioek eta hori babesten duten indar kontserbadoreek eta monarkikoek zaildu egin dute Pitak gobernua osatzea, maiatzeko bozak gorabehera. Hain zuzen, tokiko hedabideen arabera, Mugitu Aurrera-k «ezustekoa» eman zuenhauteskunde orokorretan, lehen indarra izatea lortuta; botoen %38 eskuratu zituen —hamalau milioi boz—, eta 151 diputatu Ordezkarien Ganberarako. Zehazki, militarren babesa duten alderdiei nagusitu zitzaien, bederatzi urtez Asiako herrialde hori jeneralen kontrolpean egon ondoren.

Pita eta haren alderdia zortzi alderdik osatutako koalizioaren buru dira; goi ganberako 500 diputatuetatik 312 dituzte, baina gobernuburuaren aukeraketan 250 senatarik ere parte hartzen dute, eta gehienak militarren aldekoak eta kontserbadoreak dira. Horrekin lotuta, senatariak Mugitu Aurrera-ren agenda erreformistaren aurka daude, bereziki monarkia kritikatzen dutenen aurkako zigorrak murriztea asmo duen legearen kontra.

Beste hautagai bat

Pita lehen ministro izendatzeko bigarren bozketa egitekoa zuten gaur, eta, babes nahikorik lortu ez duenez, espero da Mugitu Aurrera koalizioko Pheu Thai alderdiak Srettha Thavisin enpresaria proposatzea hautagai. Ez dago argi, ordea, Pheu Thaik —Thaksin Shinawatra buruzagi erbesteratuari lotutako alderdiak— koaliziora lerratuta jarraituko duen ala koalizio akordioa etengo duen. Thailandia behin-behineko gobernu talde batek zuzentzen du martxoaz geroztik.

Bien bitartean, Pitaren aldeko ehunka jarraitzaile bildu dira Ordezkarien Ganberak Bangkoken duen egoitzaren kanpoaldean, auzitegiak hartutako erabakia salatzeko; zenbaitek senatarien aurkako afixak zituzten esku artean. «Haserre nago. Ez dute errespetatu herriaren borondatea. Ez dituzte entzun hamalau milioi lagunen ahotsak», esan dio 21 urteko gazte batek Reuters albiste agentziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.