Thaksin atxilotu dute, 15 urteren ostean Thailandiara itzuli eta berehala

Lehen ministro ohia 2008an joan zen erbestera, Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agintzean

Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Thaksin Shinawatra Thailandiako lehen ministro ohia hamabost urte geroago itzuli zen atzo bere herrialdera, eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2001etik 2006ra egon zen karguan, eta 2006an militarrek emandako estatu kolpe baten ondorioz kargugabetu zuten. 2008an, Thailandiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindu zuen, eta Thaksinek Erresuma Batura ihes egin zuen.

Zortzi urteko zigorra ezarri diote lehen ministro ohiari. Hasieran, hamar egunez bakartuta egongo da kartzelan, COVID-19aren protokoloarengatik eta haren osasun arazoengatik.Ustelkerian aritzea, monarkiari irain egitea eta botereaz abusatzea egozten diote. Martxoan, Japoniako Kiodo telebista katean esan zuen gertu ikusten zuela itzulera.

Atzo goizean lurreratu zen Thaksinen hegazkina Bangkokeko Don Mueang aireportuan. Haren jarraitzaile talde handi batek egin zion harrera. Thaksinen arreba Yingluck Shinawatrak Facebook sare sozialean jarritako argitalpen baten ondorioz jakin denez, Thailandiarako bidean Singapurtik pasatu zen lehen ministro ohia. Thailandiako lehen estatuburu emakumea izan zen Yingluck, 2014an militarren estatu kolpe batengatik kargugabetu zuten arte. Azkeneko bederatzi urteetan, bere anaiaren moduan, erbestean bizi izan da. Thaksinen alaba ere hauteskundeetako hautagaietako bat izan zen aurten.

Lehen ministro berria

Atzo, hiru hilabete baino gehiagoz blokeo politiko batean egon ondoren, Thailandiako Parlamentuak lehen ministroa aukeratu zuen: Shetta Thavisin, Pheu Thai alderdikoa. Thaksinek sortutako alderdikoa da Shetta. Joan den maiatzeko bozetan bigarren gelditu arren, parlamentuaren babesa lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.