Mazeko espetxean, Irlanda iparraldean, preso errepublikanoek gose greba hasi zuten 1980ko urrian, Erresuma Batuko Gobernuak berriz ere preso politikoen edo kategoria bereziko presoen estatusa onar ziezaien. Margaret Thatcher kontserbadorea, Burdinazko dama, zen gobernuko burua. Urtebete zeraman agintean, eta Irlandako auziari zegokionez, Londresen jarrera gogorra ez zuen izpirik ere mugitzeko asmorik. Joan Paulo II.a Eliza katolikoko aita santuak eskutitza bidali zion, eta gose grebalarien inguruko kezka «sakona» agertu. «Eskatu nahi nizuke arazoari irtenbide posibleak pertsonalki bilatzea, gibelera bueltarik ez duten eta konpon ezinak izan daitezkeen ondorioak saihesteko». Thatcherren erantzuna argia izan zen. Presoen eskakizunei ez erantzuteko «erabaki irmoa» zuen, «arrazoi politikoek hilketak edo bertze delitu larriak justifikatu ditzaketela onartzea litzatekeelako». Burdinazko damaren agintaldiaren hasiera zen. Urte ilunak, Irlanda iparraldearentzat.
Joan Paulo II.ak bidalitako eskutitza atzo eman zen argitara Erresuma Batuan, sekretupean zeuden bertze hainbat agiri ofizialekin batera. Erresuma Batuko lege baten arabera, agiritegi nazionaletan dauden dokumentu sekretuak 30 urte pasatu ondoren argitaratu daitezke. Irlanda iparraldeko militanteen gose grebak nazioartean eduki zuen oihartzunaren adierazle bat gehiago da Eliza katolikoko buruaren eskutitz pertsonala.
Vatikanoaren presio diplomatikoek, ordea, ez zuten Thatcherren jarrera uzkurtu. IRA Irlandako Armada Errepublikanoko eta INLA Irlandako Nazio Askapenerako Armadako 23 presok 1980ko abenduaren 18an utzi zuten gose greba. Haien egoerak hobera egin ez zuela ikusita, ordea, hiru hilabete geroago, 1981eko martxoan, berriz ere ekin zioten gose grebari. Hurrengo hilabeteetan, hamar gose grebalari hil ziren. Horietan lehena izan zen Bobby Sands IRAko kidea. Hil aitzinetik, Westminsterko Parlamenturako diputatu hautatu zuten Fermanagh-South Tyrone konderritik. Thatcher lehen ministroa negoziatzera esertzeko ez zen «presio aski» izan, Brendan Bik McFarlanen iritziz. Sands hiltzerakoan, haren erreleboa hartu zuen gose grebalaria izan zen McFarlane.
Thatcherren gobernuak, urte bukaera horretan, IRAko eta INLAko presoek aldarrikatutako hainbat neurri onartu zituen, ofizialki, preso politikoen estatusa onartu ez bazien ere. Hala ere, gose grebaren ondorioak Londresen garaipena izatetik urruti gelditu ziren. McFarlanen iritziz, presoen ekimenak «izugarrizko ondorio politikoak» ekarri zituen, eta errepublikanoen mugimendua indartu zuen.
Thatcherren agintaldiak ezaugarri bereziak izan zituen. Mundu mailan garrantzia izan zuen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Ronald Reaganekin batera, neoliberalismoaren bultzatzaile politiko nagusia izan baitzen. 1982an, gainera, Argentinak Malvina uharteak okupatu zituenean, ez zuen bi aldiz pentsatu, eta, indarra erabiliz, artxipelagoak berreskuratu zituen. Haren ospea gailurrera ailegatu zen, eta 1983an hauteskundeak irabazi zituen, gehiengo osoz. Irlanda iparraldea, ordea, agintaldi osoan saihestu ezinezko arazoa izan zuen beti, zapata barrenean sartutako harri koxkorra.
Oliver Cromwell gogoan
Thatcherren agintaldian, aitzineko garaian baino hildako gutxiago izan ziren Irlanda iparraldeko gatazkan —1.883 lagun 1969-1978 artean; 967 lagun 1979-1990 artean—. Gatazka bat, ordea, ezin da soilik kuantitatiboki neurtu. Izan ere, Burdinazko dama boterera ailegatu zenean, irlandarrek ordura arte jasandako neke eta sakrifizioak konponbidetik urruti zeudela argi gelditu zen.
Irlandako gatazkaren ondorioak hurbil-hurbiletik pairatu zituen Thatcherrek. 1979an, boterera ailegatu eta zazpi hilabetera, INLAk Airey Neavey hil zuen. Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen Irlanda iparralderako gaietarako bozeramailea zen Neavey. Handik bortz urtera, Thatcher bera izan zen IRAren jomuga. Ingalaterrako Brighton hiriko Grand Hotelean lehergailua zartarazi zuen IRAk, Thatcherren gelatik hurbil. Bortz lagun hil ziren, baina lehen ministroak ez zuen zauririk izan.
Gatazka konpontzeko elkarrizketa erabiltzea ez zegoen Thatcherren soluziobideen artean. Erresuma Batuko The Guardian egunkariak 2001ean argitaratutakoaren arabera, atentatua jasan eta urtebetera, «Cromwell erako» konponbideren bat beharrezkoa zela proposatu zien bere aholkulariei. Oliver Cromwell buruzagi militar ingelesa pertsona historiko gorrotatuenetakoa da Irlandako komunitate nazionalistaren artean, XVII. mendean uhartean egin zituen kanpaina militar odoltsuengatik. Thatcherrek proposatutakoa populazio nazionalista hegoalderantz masiboki lekualdatzea zen, eta Irlandako Errepublikarekiko muga irregularra, berriz, marra zuzenekin berregituratzea. Lehen neurriarekin, populazio unionistaren nagusitasuna bermatu nahi zuen; bigarrenarekin, berriz, IRAko militanteek muga gaizto horretan zehar erasoak egin eta mugitzeko zuten gaitasuna murriztu nahi zuen. Plan horiek ez zituen gauzatu, baina Aro Garaikideko irlandar anitzentzat, Cromwellen pareko irudi bihurtu zen Thatcher.
Thatcherren urte ilunak
Joan Paulo II.ak 'Burdinazko damari' idatzitako gutun bat argitaratu da, gose grebalari irlandarren inguruan kezka agertu zionekoa. Irlanda iparraldeko gatazkaren aro gogor bat hasi berria zen ordurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu