Klima aldaketari buruzko goi bilera

Thunberg: "Bada klima larrialdi bat, baina jendea ez da oraindik ohartzen"

Trenez heldu da ekintzaile suediarra Madrilera. Han Fridays For Future mugimenduak antolatutako eserialdi batean hartu du parte.

Greta Thunberg, erdian, mugimenduko beste hainbat kiderekin batera. KIKO HUESCA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 6a
18:00
Entzun

Ezustean eta ezkutuan heldu da Greta Thunberg NBEren bilerak egiten ari diren Ifema azoka esparrura. Asteartean heldu zen Lisboara, itsasoz eta datorren ostiralerako espero zuten Madrilgo klimari buruzko goi bileran. Bart gauean, ordea, 1980ko hamarkadako tren zahar batean egin du hamar ordu pasako bidaia, eta  goizeko zortziak inguru heldu da Chamartiko tren geltokira.

Trenetik jaitsi denerako zain zituen mundu osotik joandako kazetari eta argazkilariak, izan ere, Suediako ekintzailea klima aldaketaren aurkako borrokaren ikur bilakatu da azken hilabeteetan. Hori dela eta, Ifematik egindako ibilbidean poliziak babestu du ekintzaile gaztea. Bertan egin dute eguneko lehen protesta. Hainbat gazten eserialdia egin dute azoka esparruko sarreretako batean, «Zer nahi dugu? Justizia klimatikoa. Noiz nahi dugu? Orain!», oihuka.

Arratsaldean, berriz, Klimaren aldeko martxa hasi baino ordu eta erdi lehenago prentsaurreko jendetsua eman dute Fridays For Future mugimenduko kideek, tartean zen Thunberg bera ere. Baikor, baina aldi berean mesfidati agertu da ekintzailea goi bilerarekin: «Uste dut eta benetan espero dut goi bilera honetan erabaki zehatzak hartuko dituztela».

Ekintzaile suediarrak ohartarazi du egiaz ez dela oraindik urratsik egin klimaren aurkako borrokan, klima larrialdiaz gero eta gehiago hitz egiten den arren, jende asko ez delako «benetan ohartzen» gertatzen ari denaz. «Egoera hobetzeko dugu aukera oro baliatu behar dugu. Ez dakigu zer gertatuko den hamar urte barru. Aurreikusi genitzake zenbait gauza, baina gertatu ahala egokitzen joan beharko dugu».

Thunbergekin batera izan dira prentsaurrekoan mugimenduko beste hainbat kide ere, tartean, Ugandako Vanessa Nakate. 23 urteko gazteak leporatu die agintariei euren burua «zuritu» nahi izatea goi bilerarekin. «Begira diezaiegun dagoeneko klima aldaketaren ondorioak bizi dituzten herrialdeei. Begira diezaiogun Afrikari. Kenyak uholde izugarriak jasan ditu bi hilabetez eta jende asko hil da. Oraindik urte asko geratzen direla diogunean, pentsa dezagun jendea hiltzen ari dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.