Greta Thunbergek gobernuei presio gehiago egiteko deia zabaldu du COP25en egindako hitzaldian, 196 herrialdetako ordezkariak aurrean zituela. Hori lortzeko gakoetako bat ere eman du: aldaketarako giltzarria pertsonak eta gizarteak direla, eta haiei dagokiela presio hori egitea. «Historiako aldaketa garrantzitsu bakoitza herritik etorri da».
Goizean emandako hitzaldian, ekintzaileak kritiken jomugan jarri ditu gobernuak eta haiek izan duten ardura falta, batez ere hamarkadotan izan duten jarrerarengatik: «Kontua ez da soilik gas kutsatzaileen igorpena murriztea; arriskurik handiena politikarien ekintza faltatik dator».
Salaketei indarra emate aldera, Thunbergek NBE Nazio Batuen Erakundearen aditu taldearen ondorioetako batzuk zerrendatu ditu: «Ez dira iritziak, kopuru zientifikoak eta globalak dira». Esaterako, %67ko aukera egon liteke munduko tenperatura gradu eta erdi ez igotzeko, baina, horretarako, herrialdeek gehienez 420 gigatona CO2 gehiago isuri ahal zuten iaz; aurten, kopuru hori 350 gigatona baino gutxiago da. «Egungo erritmoa kontuan hartuta, zortzi urtean iritsiko gara kopuru horretara».
Munduko agintari batzuk klima larrialdia existitzen ez den ideia zabaltzen ari dira —AEBetako Donald Trump eta Brasilgo Jair Bolsonaro, adibidez—, eta haientzako mezu bat ere helarazi du ekintzaile gazteak: «Beharrezkoa da zientziari jaramon egitea. Tenperaturaren igoerak ez du 1,5 gradu baino handiagoa izan behar».
Mezu gehienak ezkorrak izan arren, Thunbergek adiera zuen oraindik badagoela itxaropenik, betiere pertsonak egoten badira klima larrialdiaren aurkako borrokaren erdigunean. «Itxaropena dago, nik ikusi dut. Pertsonek gauzak alda ditzakete, horretarako prest daude. Hori da daukagun itxaropena, eta itxaropen hori daukagu demokraziari esker. Ezin dugu itxaron; gu has gaitezke, orain. Herriok has gaitezke».
Ekintzaile gaztea dagoeneko Suediara bidean dago; jakinarazi duenez, bidaia trenean, autobus elektrikoan eta auto elektrikoan egingo du.
Time aldizkari ezagunak "urteko pertsona" izendatu berri du Thunberg. Azken urteetako izendapenen artean, AEBetako presidenteak —Barack Obama eta Donald Trump—, Alemaniako kantziler Angela Merkel, Facebookeko buru Mark Zuckerberg, Francisco Aita Santua eta Me too kanpainan indarkeria matxista salatu zuten emakumeak daude, besteak beste.
.@GretaThunberg is TIME's 2019 Person of the Year #TIMEPOYhttps://t.co/YZ7U6Up76vpic.twitter.com/SWALBfeGl6
— TIME (@TIME) December 11, 2019