Ordutik, informazioak ere atea itxita dauka Tibeten; ezin handik atera. Atzerriko kazetariak ezin daitezke sar, Pekinen baimen berezi batekin ez bada. Eta handik kontatutakoari iragazkia jartzen dio Txinako Gobernuak.Hesiak birtualki zeharkatuz, ordea, BERRIAk Tashi Durmelej monjearekin hitz egin ahal izan du. Iaz 49. urteurrenean izandako liskarrak berriro ez izateko zainduta daudela esan du Drepung monasterioko monje budistak, posta elektroniko bidez.«Normalean baino soldadu gehiago dago inguruetan.Manifestazio oro debekatu dute, gainera». Aldi berean, «separatismoari» gogor egiteko eskatu die buruzagi tibetarrei Hu Jintao presidenteak. «Eraiki dezagun harresi erraldoi bat separatismoaren eta gure artean. Babes dezagun aberriaren lurraldetasuna», esan zuen atzo, Txinako Legebiltzarreko osoko bilkuran. Jarrera horren ordainetan indarkeria izango dela dio Tashik, «ezinbestean». Hara hor gaurtik aurrerako ospakizunetarako aurreikuspena.
Atzo bertan izan ziren lehen erakustaldiak, gainera: bi lehergailu jaurti zituzten polizien eta suhiltzaileen ibilgailuen kontra, Qinghai probintzian. Egungo banaketa administratiboaren arabera Tibetekoa ez bada ere -Tibeteko Eskualde Autonomokoa-, Tibet historikoko parte da probintzia hori. Hango biztanle gehienak tibetarrak dira.
Horretaz gain, Txinako edozein txokotan ez dagoen bakea eta lasaitasuna suma zitekeen gaur artean Tibeten. Lurralde gogorra da, hori bai. Munduko sabairaino trenez joatea bezalakorik ez dago horretaz jabetzeko. Altuera irabazi ahala, oxigenoa galtzen da, izan ere. Arnastea kosta egiten da 3.500 metrora. Eta 4.000ra larritu dira jada bidaiariak. 5.190 metrora hasten dira zorabioak, eta etsi-etsian oxigeno botila baten jabe izateko gogoa. Horretarako beharra izan baino apur bat lehenago, ordea, azken geltokira heltzen da Transtibetanoa: Lhasara, Tibeteko hiriburura.
Lehen begiradan, XXI. mendeko Txinako edozein hiri dirudi: hormigoizko etxeak, dendaz jositako kale estuak. Hiriaren bihotzean, ordea, Potalako jauregia dago; tibetarrentzat sinbolo nagusia, dalai-lamaren etxea beharko lukeena. Zatitutako hiria da Lhasa. Etnien artekoak dira mugak. Tibetarrak, ordea, gutxiengoa dira egun euren eskualdean; pobretutako gutxiengo nekazari eta abeltzainak.Han etniako txinatarren esku daude emankorragoak diren negozioak. Eta horretan laguntzen du Pekingo gobernuak, neokolonialismoa sustatuz. Horren zuzeneko ondorioa da, esaterako, Tibeteko taxilariek tibeteraz hitz bat bera ere ez egitea.
Jkhangko tenpluraino igo behar da Lhasaren arima tibetarraren bila; 3.700 metroko altueran dagoen leku sakratura. Hango denda txikietan ez dago munduko edozein txokotaraino heldu den produktu txinatar merkerik. Ahuntz adarrezko orraziak eta yak larruz egindako botak, irudi budistak, idazkunez hornitutako labanak eta neurri guztietako turkesa harribitxiak saltzen dituzte haietan. Eremu tibetarra da, erabatekoa. Gisa horretako bakarra Lhasan.
Akulturazioa
Monje budistak, ordea, ez daude hiriburuan. Lhasatik kilometro batzuetara bizi dira, mendialdean. Duela mende batzuetakoa bezalakoa da Dreepungo monasterioko 600 lagunen bizimodua; 3.000 inguru ziren garai batean.Txinako Gobernuak sustatutako akulturazio prozesua dela medio, baina, gero eta gutxiago dira monje izan nahi duten tibetarrak. «Nobiziotza ez da erakargarria gazteentzat. Nahiago dute txinatar herritarrak bezala bizi, telebistan ikusten duten modura», dio ingelesezko irakasle den monjetako batek. «Egun ez da garai batean bezala. Gazte tibetarrek ez dituzte tunikak aintzat hartzen; nahiago dituztemendebaldeko markako jeans-ak. Laster euren hizkuntza ere ez dute jakingo».
Eta trenak dakarren turismoak badu horretan zerikusia. Horixe da tibetarren kulturaren kontrako azken tiroa, dalai-lamaren hitzetan. Urtez urte %60 hazten da eskualdera heltzen den bisitari kopurua. Horrekin, luxuzko hotelak eta karaokeak ugaritu egin dira, baina prostituzioak, alkoholismoak eta droga menpekotasunak ere gora egin du.
Oraindik turistei ihes egiten dieten txokoak ere badaude Lhasan. Barkhor plazako jatetxeetan yak gurinarekin nahastutako tea zerbitzatzen dute oraindik. Inguruko kaleetako postuetan, berriz, yak esnez egindako gazta eta jogurta eskura daitezke.
Tibet nekazaria
Trena iristen ez den guneetan errazago eusten diote izatasunari; Shigatze hirian, esaterako. Tibeteko bigarren hirigunea izan arren, zortzi orduko autobus bidaia egin beharra dago hara iristeko, mendian barrena. Lhasaren txinatartzea ahaztarazten dute bidaiariek, gainera. Nekazariak dira gehienak, eta abere eta guzti igotzen dira asko autobus zaharkitura.
Klima ere ezberdina da Shigatzen. Zero azpitik hamazazpi graduraino jaisten da tenperatura iluntzean, eta yak larruz estali beharra dago, loak hartuko bada. Bidaiariak ez du zertan harritu, gainera, biharamunean gelako atean hamarnaka ahuntz gorpu topatzen baditu. Ohikoa da. Artzainek uzten dituzte, lepoa moztuta eta larrua kenduta, lehortzeko. Tenperatura baxuei esker usteldu gabe irauten dute, eta hoteleko ataria harategi inprobisatu bilakatzen da hala. Hara biltzen dira erosleak, gustukoen duten abelburua aukeratzeko.Gasturik gabe, negozio ona da abeltzainarena.
Bestalde, han etniako txinatarrak gutxiengoa dira Shigatzen; bakartua dagoen seinale. Bertako biztanleak ez daude merkatuan atzerritarrekin topo egitera ohituta. Horiek hala, zaila da haiengandik irribarre bat eskuratzea. Ohitura falta baino ez da, dena den. Hala ziurtatu du monje batek: «Ez da begikotasun falta. Gustuko ditugu atzerritarrak, gehienak Tibeteko herriaren borroka sostengatzen baitute». Hori guztia anekdota hutsa bilakatzen da landa eremuan barneratuz gero. Gyantse herrixkan, esaterako. Denbora gutxirako izango da hala, dena den. 2010ean helduko da haraino Transtibetarra, planak betetzen badituzte.
Txinak ez du Mendebaldeko demokraziarik ezarriko
Txinak ez du «Mendebalde erara» egindako demokraziarik nahi. Hala adierazi du Wu Bangguok, Herri Asanblea Nazionaleko presidenteak: «Ez dugu inoiz Gobernuan txandatzea ekarriko duen alderdi anitzeko sistemarik ezarriko, ezta botereen banaketa edo bi ganberetako parlamentua ere». Alderdi Komunistako bigarrenak ildo politiko «zuzena» mantentzeko deia egin du, gainera; «sozialismo txinatarra» aldarrikatuz. «Alderdi Komunistaren agindupean, alderdi anitzen arteko lankidetzan oinarritzen da gure sistema», gehitu du Wuk XI. asanblean. 2.985 ordezkarik hartu dute parte bertan, eta, besteak beste, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hitzartu dituzte.Dalai-lama