Tenzin Wangomo 20 urteko mojak bere buruari su eman zion iragan urriaren 17an Tibeteko Shakoma herrixkan, bere komentuaren aurreko bidegurutzearen erdian. Tibeteko budisten erlijio askatasuna eta Dalai-lamaren itzulera aldarrikatu zuen garretan zela. Unean bertan hil zen. Martxoaz geroztik, tibetarrek Txinako Gobernuaren errepresioaren kontrako protestak sendotu zituztenetik, bere burua erre duen lehen emakumea da Wangamo, baina ez da protesta muturrera eraman duen lehena, ezta azkena ere. Zazpi hilabetean, hamar fraidek su eman diote beren buruari protesta modura —joan den asteartean izan zen azkena—. Hil egin dira bost, eta Txinak ezkutatu egin du gainontzeko bosten egoera zertan den. Etsiak bultzatuta jo dute tibetarrek protesta suizidetara, eta Tibeten duten egoera larriaren kontra oihu egiteko, nazioarteko eguna antolatu du gaurko ITN Tibeten Aldeko Nazioarteko Sareak, Aski da! lelopean. Euskal Herrian, sare horren parte da Phagma Drolma Tibetar Herriarekiko Elkartasun Elkartea.
«Mundu osoko 50 herrialde ingurutan espero ditugu gaur Txinaren kontrako protesta baketsuak, beren burua immolatu duten tibetarren etsipena azaleratzeko eta erantzun diplomatiko global bat eskatzeko. Gobernuek Txinari presio egitea nahi dugu, segurtasun kanpaina bertan behera laga dezan». Tibetarrek suizidioa protesta tresna moduan erabiltzea benetan pauso larria eta adierazgarria delakoan dago Alison Reynolds ITNko zuzendaria. «Berraragitzearen inguruan dituzten sinesmenen kontrakoa da suizidioa, eta, beraz, horrelako ekintzak egiten ari direla ikusteak agerian uzten du tibetarrek duten etsipena». Txinak Tibeten ezartzen dituen errepresio politikek eta Ngaba eskualdeko Kirti monasterioaren ingurura bidali duen militar kopuruak tentsioak handitu eta frustrazioa areagotu dute tibetarren artean.
Apirilaz geroztik, Kirti monasterioa —Tibet ipar-ekialdean— kartzela bihurtu dute Txinako indarrek. Iragan martxoaren 16an hasi zen dena. Lobsang Phuntsok 21 urteko fraideak su eman zion bere buruari protesta modura, eta polizia txinatarrek jo egin zuten sua itzaltzen saiatu beharrean. Gertakariak tentsioa areagotu zuen eskualdean, eta Txinako militarrek monasterioa inguratu zuten. Erantzun gisa, monasterioaren aurrean elkartzen hasi ziren ehunka tibetar apirilaren erdialdera, poliziek fraideak monasteriotik eraman ez zitzaten. Garbiketa, ordea, saihetsezina izan da; bost hilabetean ehunka fraidez betetako kamioiak atera dira monasteriotik.
'Berreziketa aberkoia'
Militarrek monasterioa hartu baino lehen 4.000 fraide bizi ziren Kirtin; orain, berriz, 400 baino ez. 2008ko udaberriko altxamenduaz geroztik, Tibet osoan behera egin du nabarmen fraide eta moja kopuruak, eta joera hori azaleratzen ari da orain Pekin Ngaba eskualdean. Drepung monasterioan, esaterako, 1.200 fraide zeuden duela lau urte; orain, berriz, 400 geratzen dira.
Txinaren errepresio bortitzak bi aterabide baino ez dizkie uzten tibetarrei, eta bereziki fraide eta mojei: erbestea edo berreziketa aberkoia. Kartzela, behartutako desagerpena eta heriotza dira beste aukerak. Pekinek 1949an Tibet indarrez bereganatu zuenetik, guztiz debekatuta daude bertako kultura, hizkuntza eta erlijioa, besteak beste. Dalai-lama ere erbestean da.
Budista tibetarren protestei aurre egiteko, hain zuzen, Berreziketa aberkoiaren kanpaina ezarri die fraide eta mojei Txinak. Tibeteko fraideen leialtasuna irabazteko eginiko ahalegina da berreziketa aberkoia Thubten Samphelentzat, erbestean dagoen Tibeteko Gobernuko Atzerri Ministerioko idazkariaren esanetan. «Monasterioetara sartzen dira, eta galdeketak egiten dizkiete fraide eta mojei. Txinako Alderdi Komunistarekiko leialtasuna zin egitera eta dalai-lama salatzera behartzen dituzte, eta fraide askok ihes egiten dute monasterioetatik, dalai-lama ez salatzeko».
Kashag izena du erbesteko Tibeteko Gobernuak, eta erbestean bizi den tibetar komunitatea gobernatzeaz arduratzen da: tibetarren kokalekuen ongizateaz eta haur tibetarren hezkuntzaz —Indian bizi dira erbesteratutako tibetar gehienak—. Sei milioi tibetarrak benetako autonomiadun administrazio bakar batean biltzeko eskaria egiten dio Kashag-ak Txinari. «Tibet arlo guztietan lege martzialaren menpe bizi dela sentitzen dugu».
Horrela, Tibeteko herritarren aro kritiko honetan, Kashag-ak eta erbesteko Tibeteko Parlamentuak babesa eta elkartasuna eskatu die NBE Nazio Batuen Erakundeari eta «askatasuna maite duten herrialdeei». Txinako Gobernuari presio egin eta Tibeteko errealitateaz jabetzeko bertara ordezkariak bidaltzeko eskatu dio Kashag-ak nazioarteari. Gaurko protestek garrantzi handia dute, Samphelen arabera, «Nazioarteak serioski erakutsiko diolako Txinari Tibeten giza eskubideak hobetu behar dituela».
Hala ere, nazioarteak Tibeti orain arte emandakoa baino babes handiagoa eman behar liokeela uste du Reynoldsek. «Argi hitz egiteko orduan gobernuak sarri kikildu egiten dira, Txinak atzerri politika oso gogorra duelako. Giza eskubideen urraketen eta Tibeten gaineko kritikak isilaraztea da, hain justu, Pekinen atzerri politikaren helburua, eta sarri zigortu egiten ditu Tibeten egoeraz arduratuta daudela adierazten duten gobernuak». Horregatik, hain justu, ITNk ahalegin berezia eskatu die gobernuei, elkarrekin Tibeten aldeko nazioarteko diplomazia sendotu eta Txinari presio multilaterala egiteko.
Egoera larria
Tibeteko egoerak okerrera egin du 2008az geroztik. Fraideek eta zibilek aurre egin zieten orduan Txinako armadari eta Poliziari, azken hogei urteetan Tibeten izandako matxinadarik handiena eginez. 2008ko martxoaren 10ean hasi ziren istiluak, tibetarrek 1959ko altxamenduaren urteurrena ospatzen zuten egunean. Pekinek, ordea, gogor erantzun zuen, eta, errepresioaren ondorioz, gutxienez 80 hildako izan ziren. Tibetera ez ezik, Sichuan, Yunnan, Quinghai eta Gansu probintzietara ere —tibetarrek gehiengoa osatzen dute— joan ziren militar txinatarrak protestak isilaraztera. Olinpiar Jokoak Pekinen egin ziren uda hartan, eta nazioarteak ez zion giza eskubideen urraketen gaineko konturik eskatu.
Errepresio politikoa, asimilazio kulturala, bazterketa ekonomikoa eta ingurumenaren suntsipena leporatzen dio Kashag-ak Txinari; hark, berriz, sistematikoki ukatzen ditu tratu txarren eta giza eskubideen urraketen salaketak. «Tibeteko herritarrek pobreziatik eta feudalismotik ateratzea lortu dute Pekini esker», Txinako Alderdi Komunistaren esanetan. Baina azken hilabeteetako autoimmolazio protestek agerian utzi dute ezkutatu ezin daitekeena: Tibeten bizi duten egoera eutsiezina da.
Protesta baketsuek errepresio gogorrarekin topo egiten dute beti. Txinaren murrizketek tibetarren eguneroko bizitzan eragiten dute, nortasunean bereziki. Debekatua dute tibeteraz hitz egitea, idaztea zein abestea, eta elizkizun tradizionalak ere jarduera politikotzat jotzen dituzte. Eta debekatutako zerbait eginez gero, akusazio gogorrak leporatzen dizkiete. «Atxiloketa arbitrarioak, behartutako desagerpenak, tortura eta bidegabeko epaiketak ohiko kontuak dira».Dukthen Kyi TCHRD Giza Eskubideen eta Demokraziaren Tibeteko Zentroaren arduradunak nabarmendu du azken hilotan egoera okertzen ari dela. «Polizia kaleak zaintzen eta kontrolatzen ari da uneoro. Gainera, polizia asko zibilez jantzita dabiltza. Baldintza horietan, tibetarrak beldurrean oinarritutako bizitza gogorra egitera kondenatuta daude».
Aurten 200 lagun atxilotu dituzte, eta, oro har, 980 preso politiko inguru daude egun Tibeten.2008az geroztik, gainera, 170 tibetar hil dira Txinako Gobernuaren gehiegikerien ondorioz. Dhardon Sharling parlamentari tibetarrak eta TWA Tibeteko Emakumeen Elkarteko kideak ezintasuna sentitzen du. «Goizero esnatzen naiz izerdi hotzetan blai, edozein unetan atxilotu ditzaketen tibetarrak eta bizia emateko prest daudenak gogoan. Arrazoiak lekurik ez duen beldurrezko film bat dirudi».
Erlijioa baino gehiago
«Tibetarrek alda ditzakete protesta egiteko moduak, baina protesten arrazoia beti berbera da, Pekinek tibetarren kontrako errepresioa areagotzea». Autoimmolazio kasuen boladak guztiz larritu du Samphel, eta muturreko ekintza horiek Txinaren errepresioaren tamaina erakusten dutelakoan dago. Penpa Tsering erbesteko Tibeteko Parlamentuko presidenteak Txina egin du fraide tibetarren «etsipenezko protesta ekintzen» erantzule.
Mendebaldetik begiratuta, pentsa daiteke Tibeteko erresistentzia erlijioan oinarritutakoa dela, baina ez da guztiz horrela. «Mugimendua laikoa da. Kontua da fraideek eta mojek parte hartze oso handia dutela, familiarik ez izatean, beraien bizitza eta askatasuna sakrifika dezaketela uste dutelako. Gainera, Txinak bereziki gogor egiten du fraide eta mojen kontra, Tibeteko tradizioak gordetzen dituztelako», dio Reynolds ITNko zuzendariak. Erlijiotik aparte, izan ere, poetaz, idazlez eta ekintzailez osatutako mugimendu kultural eta intelektual garrantzitsua dago Tibeten, euren kultura Txinaren asimilaziotik babesteko lanean diharduena.
Tibet. Txinaren errepresioaren ondorioak
Tibet sutan dago
Zazpi hilabetean, hamar fraide eta moja tibetarrek beren burua erre dute protesta gisa. Txinako errepresioa salatzera deitu du gaurko ITN Tibeten Aldeko Nazioarteko Sareak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu