Mundua

Tibet Txinaren okupazioaren aurka matxinatu zeneko 50. urtemuga gogoratuko dute bihar

"Tibeten bizi den zeinahi tibetar bere hizkuntza, kultura eta tradizioaz harro agertzen bada, eta horiek kontserbatzen saiatzen bada, txinatarrak mehatxatuta sentitzen dira", hitzekin Txinako agintariek bere herrialdearekiko duten jarrera salatu du dalai lama buruzagi tibetarrak.

2009ko martxoaren 9a
17:45
Entzun
Bihar 50 urte beteko dira Tibeten Txinaren okupazio militarraren aurkako matxinadak porrot egin zuenetik, eta horen harira bi bonba eraso egon dira gaur goizean Tibetekin muga egiten duen Txinako Qinghai probintzian. Zehazki, etxean eginiko bi lehergailu zartarazi dituzte aparkatuta zeuden polizia auto banatan, zauriturik eragin gabe. Lehenago, hango gutxiengo tibetarreko herritar batzuen eta Txinako basozainen arteko liskarrak egon dira. Horiek hala, matxinadaren urtemuga gogoratzeko eta Txinaren okupazioa salatzeko ehunka ekitaldi izango dira bihar mundu osoan, tartean Euskal Herrian.

Tibeteko erbesteko agintari dalai lamak Indiako Dharamsala hirian duen egoitzan gogoratuko du urtemuga, beste hainbat erbesteratu eta agintarirekin batera. Atzo adierazi zuen "Txinako agintariak tibetarren budismoaren aldetik mehatxatuta" sentitzen direla, eta bere herrialdeak pairatzen duen egoerari "triste" iritzi zion. "Tibeten bizi den zeinahi tibetar bere hizkuntza, kultura eta tradizioaz harro agertzen bada, eta horiek kontserbatzen saiatzen bada, txinatarrak mehatxatuta sentitzen dira".

Behiala independentista, azken urteetan autonomia lehenestearen alde agertu da dalai lama.

Iazko abuztuan, Txinan Olinpiar Jokoak egiten zituztela-eta Tibeten, Txinan eta munduan barrena protesta eta liskar ugari izan ziren. Tibeten txinatar jatorriko biztanleen negozioen kontrako erasoak (hilketak ere) egin zituzten tibetar batzuek, eta Txinako Poliziak gogor egin zuen okupazioaren kontrako manifestazio eta protesten kontra. Independentista ugari atxilotu zituen.

50 urte erbestean

Atisha Tibetar Kultur Elkartearen arabera, erbesteko 50 urteotan 1.200.000 tibetar hil dituzte, 130.000 tibetar errefuxiatuta daude munduan barrena, eta milaka tibetar kartzelatzen dituzte "erlijio askatasuna eskatzeagatik". Datu horien arabera, preso gehienak 25 urtetik beherakoak dira.

"Gainera, milaka emakume beren borondatearen kontra antzutzen dituzte, eta milaka ume beren familiengandik erauzten dituzte, ezagutzen den erregimenik bortitzenean hezituak izateko".

Elkarte horri jarraiki, 7,5 milioi txinatar bizi dira gaur egun Tibeten, urteetan hara joateko eta han egokitzeko laguntzak eta erraztasunak eman baitizkie Pekingo gobernuak. Beren herrialdean bizi diren tibetarrak gutxiago dira egun: 6,5 milioi lagun. Hauetako %70ek hezkuntzarako aukerarik ez dutela salatu du Atishak.

"Hondakin nuklearren zabortegi bihurtu dute Tibet", gaineratu du.

Bihar Donostian Tibeten aldeko protesta egingo dute, kandelak eskuetan. Atisha Tibetar Kultur Elkarteak egin du deialdia, 20:00etatik 20:30ak bitarte Boulevardeko kioskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.