Tibetarrek diote azken etsipen ekintza dela norbere buruari su ematea

Azken protestak direla eta, «budismoa errespetatu eta hilketak uzteko» eskatu die Txinak fraide tibetarrei

2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Egoera eramangaitza da Tibeten. Armatutako poliziak eta soldaduek kontrolpean dituzte Tibeteko zenbait eremu, eta herri batetik bestera joaten dira gobernuaren aurkako protestak isilarazi eta kontrolatzeko. Kirtiko monasterioan lau postu finko jarri dituzte —beren buruari su eman dioten hamabi lagunetik hiru han bizi ziren—, etengabeko jarraipena egiteko asmoz. «Tibetar orok uste du edozein momentutan atxilo dezaketela, eta beldurrez bizi dira, herritar baino soldadu gehiago baitaude oraintxe. Zenbait nazioarteko ikuskatzailek Irakekin parekatu dute Tibet», azaldu dio Kanyag Tsering fraide tibetarrak BERRIAri.

Egoeraren larritasuna ikusirik, dagoeneko hamabi fraide eta mojak eman diote su beren buruari azken zazpi hilabeteetan. Tseringek dio ulertzen dituela,«gainerakoak egitera ausartzen ez garena» egin dutelako. Protesta era horiek Tibeteko historian beste behin soilik egin direla nabarmendu du, eta oraingo ataka zaila dela-eta saihestezinak direla; «nazioartean eta herritarren artean oihartzun zabalagoa lortzeko modu bakarra da». Tsering 10 urterekin sartu zen Kirtiko monasterioan, eta bederatzi urte egin zituen han. 1999az geroztik, baina, erbestean dago, Dharamsalako monasterio batean, India iparraldean.

Munduan sei milioi tibetar bizi dira, eta Txinako errepresio gogorra bertan behera uzteko eta dalai-lama itzularazteko aldarrikapenak indartu egin dituzte azken urteetan. «Tibetarren hiru belaunaldi askatasuna lortzeko borrokan bizi izan dira, eta orain hala jarraitzen dute; zer jasotzen dute ordainetan? Indarkeria besterik ez». Hain zuzen, 2008an ospatu zuten 1959ko matxinadaren urteurrena, eta Pekinek gogor erantzun zion azken hogei urteetan Tibeten izaniko protestarik handienari: gutxienez 80 lagun hil ziren. Aurtengo martxoan Lobsang Phuntso 21 urteko fraideak su eman zion bere buruari Kirtin, eta Txinako Poliziak jo egin zuen, sua itzali beharrean. Tentsioa areagotu, eta militarrek inguratu zuten monasterioa, eta ondorengo zazpi hilabeteetan beste hamabifraide eta mojak su eman diete beren buruari; horietako bost hil egin dira, eta gainerakoak bizirik daude, baina batzuen egoera ezkutatu egin du Txinak.

Budistek bizitzaren ondorengo bigarren bizitzan sinesten dute. Beren buruari su eman eta erreta hiltzeko hautua egiten dutenean, ordea, aukera horri uko egiten diote. Protesta ekintza gogor horiek ikusita, dena den, Txinako Gobernuak erantzun deigarria eman du: «Jarrai iezaiozue budismoaren bide zuzenari, eta estimatu bizitza». Txinako herritar gehienek halako ekintzak delitua direla eta zigortu egin beharko liratekeela deritzotela gaineratu du, eta erbestean dauden tibetar independentisten jarrera onartezina dela, erretako fraide eta mojak goraipatu egiten dituztelako epaitu beharrean: «Ekintzok errepikatzeko babesa ematen diete ondorengoei, haiek animatu egiten dituzte; baina bizitza zoragarria da, eta errespetatu egin behar da».

«Gu gorrotatzen erakusten»

Tibeteko monasterioak eskolak ere badira, eta hezkuntza tibetarraren oinarri nagusia osatzen dute. «Gure izaera eta bizitzeko indarra islatzen duten zentro kulturalak dira». 2008az geroztik, baina, fraide tibetarren kopuruak nabarmen egin du behera; Kirtin, esaterako, 4.000 fraide bizi ziren orduan, eta orain 400 baino ez daude —armadak kamioietan eraman ditu ehunka—. Tseringen esanetan, Txinako Gobernuaren berreziketa aberkoia politika da horren errudun nagusia, Tibeteko historia «faltsutu eta bihurritu» egiten duelako. Tibetarren nortasuna baztertzeko martxan jarritako plana dela eta ikasleen monasterioetako hezkuntza ordezten duela dio. «Gazteei fraide izateko borondatea uxatzen diete, eta gu gorrotatzera bultzatu, herritarren eta estatuaren etsaiak garela irakasten baitiete».

Nazioartetik jasotako babes keinuak, neurri batean, positiboak dira Tibetentzat, Tseringen iritziz, Pekingo gobernuaren irudi instituzionala zalantzan jartzen dutelako, eta askatasun eta demokrazia balioak indartzen dituztelako. «Txinako Gobernuari eragiteko ehunka eskuren bultzada beharko dugu, eta mila ahalegin egingo ditugu. Laguntza oro ezinbestekoa zaigu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.