Lobsang Sangay Harvard Unibertsitateko irakaslea izango da hurrengo kalun tripa; Tibeteko erbesteko gobernuko lehen ministroa. Iragan martxoaren 20an egindako hauteskundeetan botoen %55 eskuratu ditu Sangayk. Jampal Chosang Hauteskunde Batzordeko arduradunak plazaratu ditu emaitzak lehen ministroak inoizko sostengu zabalena lortu duela zehaztuta; orotara 49.200 lagunek parte hartu dute bozetan (%58,9), aurreko bozetan baino ia bikoitza (%32). Tenzin Namgyal funtzionarioak botoen %37,4 eskuratu ditu, eta Tashi Wangdi diplomazialariak botoen %6,4. Parlamentuko 43 kideak ere aukeratu dituzte bozetan.Tibet okupatuan bizi diren sei milioi lagunek ez dute bozkatzerik izan; orotara 140.000 tibetar bizi dira mundu zabalean erbesteratuta.
Sangayk dalai-lamaren lekukoa jasoko du, ezen buruzagi politiko izateari utziko diola iragarri berri du dalai-lamak, aurrerantzean soilik erlijio buru izateko. Konstituzioa aldatu beharko da, dena den, urrats hori emateko.
Indian babestuta dagoen erbesteko gobernuak, beraz, agintari sekular bat izango du aurreneko aldiz. Sangayk 42 urte ditu eta erbestean jaiotako belaunaldiaren ordezkaria da. Gazte Tibetarren Kongresuko buruzagia izan zen —independentzia aldarrikatzen du erakunde horrek—, eta horregatik eta egin izan dituen adierazpenengatik ondorioztatu daiteke erdibideko bidetik haratago joateko asmoa duela. Autonomiarena da erdibideko bidea.
Tibeteko erbesteko lehen ministroa izango da Lobsang Sangay
Harvardeko irakasleak dalai-lamaren lekukoa hartuko du azken honek ardura politikoak utzi baititu berriki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu