Etiopia

Tigrayn esku hartu beharra adierazi du NBEren Segurtasun Kontseiluak

NBEk 800 sexu eraso baino gehiago zenbatu ditu eremuan. OMEk gehitu du milioi bat herritar desplazatu direla gatazkaren eraginez. Tropak eskualdetik ateratzeko eskatu dio Washingtonek Addis Abebari.

Tigraytik ihes egindako herritarrak, Um Rakuba kanpalekuan, Sudanen. OMAR ARAKY / ISLAMIC RELIEF / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 23a
15:54
Entzun

Gatazka hasi zenetik ia sei hilabete igaro diren honetan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak «ardura» adierazi du Etiopia iparraldeko Tigray eskualdeko egoeraren harira. Herrialdeko gobernua «egoera bideratzen» ari dela azaldu du erakundeak, baina «erronka humanitarioa» hor dagoela oraindik. «Giza eskubideen urraketak» salatu ditu kontseiluko buruak, Vietnamgo presidente Dinh Quy Dangek; besteak beste, «emakume eta neskatoen bortxaketak». Horiek ikertzeko lanak hasi dituzte OCHA NBEren Giza Eskubideentzako Goi Ordezkaritzak eta EHRC Etiopiako Giza Eskubideen Batzordeak. Baliteke Tigrayko gatazkak eta herrialdeko beste hainbat eremutan bizi dituzten enfrentamendu etnikoek arriskuan jartzea ekaineko bozak.  

Laguntza humanitarioa eremura «eragozpenik gabe» iritsi dadin ezinbestekoa da nazioartearen esku hartzea, kontseiluaren arabera. Horretarako, baina, beharrezkotzat jo du «normaltasuna berrezartzea». Hala, nazioarteko legedia betetzen laguntzeko konpromisoa adierazi du, segurtasunik eza beharrezko lanak egiteko «eragozpen bat» izan ez dadin. 

Kontseiluak martxoan izan zuen lehen aldiz eztabaidagai egoera, baina adostasun faltak galarazi egin zien komunikatu bateratu bat egitea. Beraz, gatazkaz egiten duen lehen adierazpena da gaurkoa, nahiz eta NBEk eremuan dituen bidali bereziek bost aldiz eman dieten gertaeren berri. Azkenekoz, aurreko astean, NBEren kontalari berezi Pramila Pattenek adierazi zuen «emakume eta neskatoen aurkako sexu erasoak ulertzeko ezinezkoa den krudelkeria maila batera» iritsi direla. NBEren arabera, eremuko bost ospitaletan 800 sexu eraso baino gehiago zenbatu dituzte gatazka hasi zenetik; besteak beste, ehun bortxaketatik gora. Gobernuz kanpoko erakunde ugarik Etiopiako Gobernua jo dute egoeraren erruduntzat, eta «ankerkeriak» egiteaz akusatu dute. 

Addis Abebaren eta mugimendu independentisten eta federalisten arteko gatazkak ez dira berriak. Gobernuak, baina, pauso bat gehiago eman zuen iazko azaroaren 4an. Ofentsibari ekin zion, eremuan agintean zen TPLF Tigrayren Askapenerako Herri Fronteak herrialdeko armadaren base bati eraso egin zion, Mekelen. Ordutik, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, milioi bat lagun desplazatu dira; horietako asko, Sudanera. Gainera, gutxienez 3.024 haur euren familiengandik banandu behar izan dira, Unicef NBEren Haurren Laguntzarako Funtsak gehitu duenez.

Ez dira, gainera, TPLF eta Etiopiako armada eremuan dauden indar armatu bakarrak. Addis Abebak Eritreako tropak eremuan sartzea baimendu zuen, eta, AEBetako Estatu Departamenduak salatu duenez, ez dago horiek Tigraytik atera izanaren frogarik, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek horretarako konpromisoa adierazi duen arren. AEBek Eritrean duten enbaxadore Steven Walkerren iritziz, Eritreako militarrek zaildu egin dute jada konplikatua zen egoera: «Muturreko egoera humanitarioa okerragotzen ari dira, eta Etiopia ezegonkortzen, babestu beharrean». Horiek horrela, «tropa guztiak berehala» atzera egin dezaten lanean ari da Washington, Estatu Departamenduko bozeramaile Ned Pricen esanetan, «bakea eta segurtasuna» berrezarri daitezen.

Ia herrialde osoan

Tigraykoa ez da Etiopiako Gobernuak irekita duen fronte bakarra. Hilaren 19tik, herrialdearen mendebaldeko Benishangul-Gumuz eskualdeko Sadal Woreda barrutiaren kontrol «ia osoa» du Gumuz Herriaren Mugimendu Demokratikoak, EHRCren arabera: «Talde armatuak jabetza publiko eta pribatuak erre eta arpilatu ditu, eta eskualdeko agintariek eta poliziek ihes egin dute». Erakundeak gaineratu du hainbat zibil hil dituztela, baita zenbait funtzionario bahitu ere. 

Etiopiako armadak barrutiaren kontrola berreskuratzeko lanak hasi ditu, eremuko Bake eta Segurtasunerako buru Abiyot Alebarok Efe agentziari azaldu dionez: «Indar armatuak asteazkenean iritsi ziren, eta errebeldeak suntsitzeko eta ordena berrezartzeko lanean ari dira». Haren esanetan, erasoaren atzean gobernuak Nilo ibaian egin nahi duen presaren aurkako mugimenduak daude.

Izan ere, lurren eta baliabide naturalen kontrola bereganatzeko enfrentamenduak ugaritu egin dira hainbat talde etnikoren artean, nagusiki, Benishangul-Gumuz, Oromia eta Amhara eskualdeetan. Testuinguru horretan, OLA Oromo herriaren Askapenerako Armadak azken astean eginiko eraso «izugarriak» salatu ditu Etiopiako Gobernuak. Hura OLF Oromo herriaren Askapenerako Frontearen adar armatua da, eta TPLFren babespean aritzeaz akusatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.