Twitter bidez jakinarazi du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako Presidenteak Rex Tillerson kendu egin duela Estatu Idazkari kargutik, eta orain arte CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko burua zena jarri duela bere lekuan: Mike Pompeo. CIAko buru, berriz, Gina Haspel jarri du.
Mike Pompeo, Director of the CIA, will become our new Secretary of State. He will do a fantastic job! Thank you to Rex Tillerson for his service! Gina Haspel will become the new Director of the CIA, and the first woman so chosen. Congratulations to all!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 2018(e)ko martxoak 13
Sarah Sanders bozeramailea atera da gero prentsaren aurrera, erabakiaren berri ematera. Tillerson agintean egon den 14 hilabeteetan "gauza handiak" lortu direla esan du". Ez du beste arrazoirik eman, baina jakina da Trumpek eta biek desadostasunak zituztela.
Sandersek baino geroago erantzun die Trumpek kazetarien galderei. Onartu du Tillersonekin tira-birak zituela: "Gauza askotan ez gatoz bat". Bestalde, Pompeoren "antzeko pentsatzeko modua" duela azpimarratu du, "benetan ondo konpontzen gara".
Tillerson ezustean hartu du erabakiak. Steve Goldstein Diplomazia Publikoko idazkariordeak azaldu duenez, Tillersonek esan dio lanean jarraitzeko asmoa zuela, eta ez dakiela zergatik kendu duten bere lanpostutik. Haren arabera, Trumpek eta Tillersonek ez dute hitz egin.