Tiro hotsak berriz Somalian

Muqdisho hiriburuan 120 pertsona hil dituzte sei egunean, zibilak gehienak, eta 40.000 lagunek alde egin dute

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hondakinak pilatzen dira Muqdishoko kale ertzetan, eta Etiopiako indar armatuek urtarrilean alde egin bazuten ere, eraikin bonbardatuek Somaliako hiriburuan tiroka ari diren gerra jauntxoen eta milizien gotorlekuak izaten jarraitzen dute. Hilabete batzuetako barealdi tenkatuaren ostean, babeslekurik gabe geratu dira berriz ere herritarrak. 120 pertsona hil dira tiroak hasi zirenetik, duela sei egunetik hona, zibilak gehienak, eta 40.000 pertsonak alde egin dute handik, horien erdiak atzo. Egoerak ez du hobetzeko itxurarik, gainera.

Sharif Sheij Ahmed presidentearentzat gerra itxura hartzen ari da Muqdisho, eta ez du atzera itzulerarik ikusten. Egunek aurrera egin ahala, Al Shababeko miliziak hiriburuaren erdigunera iristen ari direla eta, kontrolaezina da egoera. «Gerran sartzera behartu gaituzte konturatu gabe, eta ez dakigu zergatik iraunarazi nahi duten batzuek borroka, baina kontrolaezina bihurtzen ari da, eta errugabeak hiltzen ari dira».Sheij Ahmed presidentearen gobernuak Parlamentua eta Somaliako barruti batzuk besterik ez du kontrolatzen. Herrialdearen zati handia Al Shabab talde armatuak kontrolatzen du, eta muturreko islamistekin ari dira borrokan -hiriburuan nagusi dira muturreko islamistak-, gobernuaren milizien aurka.

Sheij Ahmed presidenteak ez ezik, Sheij Dahir Aweysek ere hitz egin du, muturreko islamisten izenean, Gobernuaren milizien kontra borrokatzen jarraitzeko asmoa duela esateko. «Nazioarteko komunitatearen kontra ari gara borrokan, Somalian euren planak aurrera eramateko txotxongiloak jarri nahi dituzte eta. Horregatik ari gara Mendebaldeko potentziek jarritako gobernuaren kontra, eta kendu arte jarraituko dugu».

Hango kazetarien arabera, atzerriko borrokalariak ere badabiltza Gobernuaren kontra borrokan, ustez Osama Bin Ladenek egindako deiari erantzunda joandakoak. Bin Ladenek Somaliako trantsizioko gobernua ezarri zutenean haren kontra borrokatzeko deia egin zuen. Kanpotik Somaliara joandakoak, baina, ez dira atzerritarrak Al Shababeko kideentzat: «Ezin dugu onartu komunikabideek gure anaiei atzerritarrak deitzea. Euren herrietako bizitza hobea utzi eta guri laguntzera etorri dira», esan du Sheij Hussein Ali Fidowk.

Herritarren ia erdiak, gose

Muqdishotik ihesi, kanpoaldean elkartzen dira herritarrak nora ezean, ez dute-eta bizi-baldintza duina izateko leku aproposik topatzen, ez behintzat handik gertu. Ihes egiten duten askok ez dute bizirik irautea lortzen. Ez dago urik, ezta elikagairik ere, eta egunotan nazioarteko ordezkariak laguntza eske hasi dira, somaliarrek ahoan zer sartu izan dezaten. Somaliak nazioarteko laguntza «lehenbailehen» behar du, orain jasotzen duen apurra baino gehiago, Mark Blowdenen arabera. Nazio Batuek Somalian duten ordezkaria da Blowden. Abereak bazterretan hiltzen direla-eta somaliarrek zer jan ez dutela esan du, eta 3,5 milioi pertsonak behar dutela une honetan bizirik irauteko laguntza, %45ek dutela elikagai urritasuna. «Hamar urtean jendeak ikusi ez duen lehortea jasaten ari gara aurten, eta egunotako borroken ondorioz, egoera larriagotzen ari da, Muqdishoko auzoetan batez ere».Ur kutsatua edateagatik jende asko ari da gaixotzen, eta gaixotasunak erraz zabaltzen ari dira.Egunotan hiriburutik alde egin duten 40.000 pertsonez gain, hogei urte hauetan Somalian gertatzen ari denak eraginda, milaka lagunek alde egiten dute aldiro, barealdietan asko hiriburura itzultzen badira ere.

Hainbat mugimendu militarrek Siad Barreren erregimena bota zuenetik (1991) eta gerra zibila hasiz geroztik Nazio Batuek egin dituzte bake elkarrizketak bideratzeko saioak. Azken aldian, Sharif Sheij Ahmeden gobernua babestu dute, baina indar islamistek erasotzat daukate gobernu hori.

Estaturik gabeko estatua

1991z geroztik, Somaliak estatu batasuna galdu du, eta ez du nazio gobernurik. Somalia barruan, zenbait lurraldek independentzia aldarrikatu dute, baina atzerriko inongo gobernuk ez ditu onartu -Somaliland, Puntland, Jubaland eta Hego-Mendebaldeko Somalia-. Ordutik hainbat buruzagi somaliarrek agintzen dute, eta ekintza politikoak eta ekonomikoak lurralde bakoitzean agintzen duen gerra jauntxoen araberakoak izaten dira. 1991ko gerra amaituta ere, hainbat lekutan jarraitzen dute borrokek, tartean noizbehinka bake elkarrizketak izaten direla. 300.000 hildako baino gehiago eragin ditu egoera amaigabe horrek, eta 1,5 milioi desplazatu baino gehiago.



Kenyan, Etiopian eta Somalian 19 milioi pertsona gosez dira

Kenyan, Etiopian eta Somalian 19 milioi pertsona inguru daude goseak jota eta «berehalako» laguntza behar dute, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Lehortea, borrokak eta elikagaien krisia larriagotzen ari dira egoera, John Holmes NBEren ordezkariaren arabera. «Gainera, elikagaien prezioek nazioarteko merkatuan behera egin badute ere, ez dugu ahaztu behar herriotan bizi diren gehienen soldatak elikagaiek balio dutena baino askoz txikiagoak direla».

Krisi ekonomikoaren ondorioz, nazioarteak ematen duen laguntza %30 jaitsi da hilabeteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.