Azken urteetan ez da atzokoaren gisako borrokarik gertatu Itsaso Horian. Azkena duela zazpi urte izan zen. 2002ko ekainean, Ipar Koreako gerraontziek tiroka hartu zituzten itsasontzi hegokorearrak. Guztira, sei lagun hil eta dozena bat zauritu ziren; alabaina, Piongiango gobernuak gertatutakoa bere gain hartu eta barkamena eskatu zuen gero. Oraingoan ez da gauza bera gertatu.
Erasoa «probokazio armatu larria» izan da Ipar Korearentzat. Bere itsasoan «bidegabe sartu» dena, berriz, Piongiangen ardurapean zegoen ontzia izan delakoan dago Hego Korea. Eta erantzun irmoa emateko ere eskatu dio azken horrek armadari. Giroa are gehiago gaiztotu ez dadin, haatik, lasaitasunaren aldeko deia egin du jarraian Seulgo gobernuak.
Eraso bat, bi bertsio
Itsaso Horia bi herrialdeen artean banatzen duen mugatik kilometro bat hegoaldera atzeman zuen Hego Koreak patruilaontzia. Hala dio Seulek, baita bereak ez diren uretan zebilela «ohartarazteko hainbat tiro» bota zituztela ere. Bertsio horren arabera, patruilaontzia izan zen lehendabizi eraso zuena; antza, abisua eman eta eurei zuzenean erasotzen hasi zen patruilaontzia.
Bestela dio Piongiangek zabaldutako oharrak, baina. Horren arabera, mugako «miatze misio» batetik bueltan zen bere ontzia, eta «gerraontzien talde batek» hura harrapatu eta hari tiroka hasi ziren. Bi minutu eskas iraun zuen borrokak. Eta Lee Ki-shik militar hegokorearrak azaldu duenez, elkarri tiroka hasi zirenean, bi ontziak hiru kilometrora zeuden.
Ipar eta Hego Koreatik mendebaldera dagoen itsasoa gatazka iturri izan da. Armistizioa sinatu zutenetik (1953) liskar ugari eragin ditu itsasoa bitan banatzen duen iparraldeko muga lerroak: Ipar eta Hego Koreako mapetan, izan ere, ez da toki berean ageri muga hori. Piongiangek ez du onartzen NBE Nazio Batuen Erakundeak bere aldetik ezarritako lerroa; eta benetako muga hori baino pare bat kilometro hegoalderago dagoela dio.
Dena dela, itsasoko mugen auziarengatik baino gehiago, atzo gertatutakoa Barack Obamak Asiara egingo duen bidaiarengatik izan dela uste dute adituek. Izan ere, AEBetako presidenteak Hego Korea bisitatzeko asmoa du datorren asteazkenean; besteak beste, Piongiangen programa nuklearraz hitz egiteko.
Hiru hamarkada adiskidetu ezinda
1990eko iraila. Mende erdian lehenengo aldiz, bi Koreetako gobernuburuak bildu ziren. Kang Young Hoon Hego Koreako lehen ministroak batasun nazionala proposatu zuen, eta Yong Hyong Muk Ipar Koreakoak estatu konfederatu baten alde egin zuen.1991ko abendua. Adiskidetzerako, lankidetzarako eta elkarri gehiago ez erasotzeko hitzarmena sinatu zuten. 1953tik teknikoki luzatutako gerra amaitu zuten itun horri esker.
1993ko martxoa. Munduan ordura arte egin gabeko maniobra militar handienak hasi zituzten Hego Koreak eta AEBek, batera. Piongiangek gerra antzeko egoera deklaratu zuen.
1994ko azaroa. Ipar Koreari ezarritako debekuak, merkataritza eta enpresa inbertsiorako debekuak, indargabetu zituen Seulek.
1997ko abuztua. Bi Koreak, AEBekin eta Txinarekin batera, bake negoziazioak hasi zituzten. Porrot egin zuen saioak.
1999ko ekaina. Piongiangen torpedontzi bat hondoratu zuen Seulgo armadak; erasoan 30 marinel hil ziren. Bi Koreen arteko gerraz geroztik, Itsaso Horian gertatzen zen lehen aurrez aurrekoa izan zen.
2000ko ekaina. Adiskidetzeko ituna sinatu zuten.
2000ko abuztua. Ipar eta Hego Korearen arteko banaketaren ondorioz banatutako familiak elkartu ziren.
2002ko ekaina. Ipar Koreak Hegoaldeko hainbat ontziri eraso egin zien; sei lagun hil ziren. Piongiangek barkamena eskatu zuen gero.
2006ko urria. Ipar Koreak proba nuklearra egin zuen.
2007ko otsaila. Ipar Koreak bere instalazio nuklearrak ixteko konpromisoa hartu zuen; trukean, Hego Koreak, AEBek, Errusiak, Japoniak eta Txinak laguntza ekonomikoa emango zioten.
2007ko maiatza. Bidaiariek mugaz gaindi bidaiatzeko lehen trenbidea zabaldu zuten.
2007ko azaroa. Hamabost urtean lehen aldiz, bi aldeetako lehen ministroak bildu ziren.
2009ko maiatza. Ipar Koreak saio nuklearra egin zuen.
2009ko urria. Bost misil jaurti zituen Piongiangek.
2009ko azaroa. Itsaso Horian Ipar eta Hego Koreako ontziek tiro egin zioten elkarri.