Bart gauean sei pertsona hil ziren tiroketa batean, Plymouth herriko Keyham auzoan (Ingalaterra): hiru gizon eta hiru emakume; horien artean, erasotzailea —bere buruaz beste egin zuen—, bai eta hamar urteko haur bat ere. Poliziak baztertu egin du «eraso terrorista» bat izan dela.
Lekukoek Poliziari esandakoaren arabera, arratsaldeko seiak aldera entzun zituzten lehen tiroak eta oihuak. Erasotzailea beltzez jantzita sartu zen auzoko kale nagusian, eskopeta bat eskuan zeramala. Orduan, etxe bateko atarira gerturatu, ateari ostikada bat eman, eta, sartu bezain laster, tiro egiten hasi zen. Etxetik irtendakoan ere tiro egiten jarraitu zuen.
Biktimetako bost, hiru gizon eta bi emakume, erasoa gertatu eta gutxira hil ziren. Beste emakume bat ospitalera eraman zuten, baina hura ere ordu gutxira hil zen. Poliziak eremua hesitu zuen bart, baina adierazi zuen ez direla ari erasoarekin lotura izan zezakeen beste inoren bila.
2010etik izan den lehen tiroketa da Erresuma Batuan. Devon konderriko herritarrek tragediatzat jo dute gertatutakoa, eta hildakoen senitartekoei elkartasun mezuak helarazi dizkiete. Halaber, herrialdeko zenbait agintarik, hala nola Barne ministro Priti Patelek, herritarrei lasai egoteko eskatu die: «Poliziaren aholkuak bete behar ditugu, eta larrialdi zerbitzuei beren lana egiten utzi».